Pirinioetako lehen etapa iraganaren zakuan sartzeko modukoa geratuko zen, Julien Alaphilipperen jaitsieretako trebeziagatik ez balitz. Portillon mendatean behera irabazi baitzuen bere bigarren etapa frantziar txikiak. 20 segundoko atzerapenarekin pasa zen gainetik Adam Yates-ekiko, indartsuago zegoelako ingelesa maldan gora. Baina jaitsieran etapa garailearen gertutasuna sumatzen hasi zen Yates, eta arriskatzearen premiaz, lurrera erori zen. Gorka Izagirre bigarren helmugaratu zen Bagneres de Luchon-eko helmugan.
Oilarren artean, ahazteko modukoa izan zen etapa. Mugimendu bakar bat bera ere ez Pirinioetako lehenean. Mikel Landak Portillon igarotzeko 500 metro falta zirela jo zuen, baina inork ez zuen eraso hori ulertu. Hainbestekoa da SKYk sartzen duen beldurra, hainbestekoa orain arte lortutako uzta galtzeko zalantza, inor ez dela mugitzen.
Eta bihar mugitzen ez badira, akabo. Osagai guztiak dituen etapa berezia baita. 65 kilometrokoa bakarrik, baina oso oso gogora, Bagneres de Luchon eta Col du Portet artean (Tourreko mendate garaiena, 2.215 metrora). Peyresourde eta Peyragudes igoko dute aurrena, 15 km. %6,7ko pendizarekin. Val Louron-Azet hurrena, atsedenik gabe (7.5 km, %8.3ko pendiza), eta bukaera ikaragarri tentea, Col du Portet-en:16.7 kilometro, eta batez besteko aldapa latza: %8.7!!! Pentsatzekoa da Movistar, Sunweb edo Lotto-Jumbo mugituko direla, baina gaur ere bazuten non mugitu, eta ez dira mugitu. SKYk 31 eskutik dauka, eta horrek aurkariak jokoan aritzeko gogoa kamusten du!