Begia non, zangoa han! Halaxe dabil azken urtean Omar Fraile. Santurtziarra Euskal Herriko Itzulian, Romandian eta Giroan etapa bana irabazita zen, baina Tourreko lorpenak beste dimentsio bat ematen dio bere kirol ibilbideari. Txapeldunek egiten duten moduan egin zuen, gainera. Ihesaldi onean sartu eta Mendeko aerodromoko malda tenteak hasi aurretik ttak, erasoa jo eta agur. Stuyven ausarta harrapatu zuen aurrena bizkaitarrak, eta atzetik Alaphilippe otsoen pare zetorrela sumatuta, egurrean jarraitu zuen bakarrik helmugaratzeko. Tropelean, bitartean, Roglic bakarrik mugitu zen, baina dozena bat segundo baino ez zituen irabazi. SKYk, Thomasek eta Froomek, indartsu segitzen dute. Landa 6. da sailkapen nagusian. Gaur 15. etapa jokatuko da, Millau eta Carcassone artean. Bihurria, gorabeheratsua, ihesaldientzat aproposa. Col du Noir ezaguna gaindituko du tropelak helmugatik 40 kilometrora (1. Maila).