Lau mendate gogor menuan, itxuraz gehitxo Julien Alaphilippen moduko klasiko zale batentzat. Ba lauak, lehen mailako hiru eta hors categorieko beste bat pasa zituen onenekin, bakarrik izan ez zenean. Ihesaldian sartzea zen gakoa, eta hala egin zuen etapa garaileak. Tartean zen Ion Izagirre, Le Grand Bornand-eko helmugan bigarren sailkatu zen ormaiztegiarra. Eta tropelean zer? Ba egon hadi lo eta jango dek mehe. Errespetu handia lehen aldapa gogorrei, gehiegi, eta mugimendu gutxi La Colombiere mendarera arte. Han Dan Martinek astindu zuen oilategia, eraso bakarra, baina nahikoa ahulenen miseriak agertzeko: Uran, Mollema, Jungels... Valverde bera ere larri ibili zen. Van Avermaet liderra eguneko ihesaldian sartu zen, eta lidergoa sendotu. Bihar 12. etapa jokatuko da, Alpeetako bigarrena. Gaur baino mugimendu handiagoa espero da, etapa La Rosiere lehen mailako mendian bukatuko delako. Aurrez bi Hors Categorie (Monteé de Bissane eta Col du Pre), eta 2. mailako beste bat igoko dira (Cormet de Roselend). Sky eta Movistar taldeen arteko dema. Froome alde batetik, Quintana eta Landa bestetik.