Tourreko etapa luzeena, eta aspergarriena jokatu zen atzo. 7. saioa, 231 kilometrokoa, eta txirrindulari bakarreko bi ihesaldi izan zituena: Yoan Offredo aurrena (Wanty), eta Pichon ondoren (Fortuneo). Tropelak oso lasai egin zuen jazarpena, txirrindulari bakarrak tropel haundiaren aurrean zereginik ez duela jakitun. Protesta moduan ere uler daiteke, tropelaren martxa geldoa, kilometro gehiegi zituen etapa zozo batean.
Helmugak goranzko joera zeukan, eta Quick Step-ek lan ona egin bazuen ere, Groenewegenek aise menderatu zuen Gaviria, eroso nagusitzeko. Keinu bitxia egin zuen garaipena ziurtatuta: isilik egoteko eskaera, aurkari eta komunikabideei. Van Avermaet-ek zailtasunik gabe eutsi zion lidergoari. 3 segundo irabazi zituen, gainera, tarteko helmuga batean.
Gaur 8. etapa jokatuko da, Dreux eta Amiens Metropole artean. 181 kilometro, laua laugarren mailako bi muino izan ezin, eta gaurko etaparen antzeko gidoia: ihesaldi antzua, eta esprinterren arteko dema.