Mur de Bretagneko ailegaerak faltan botatzen zen emozioa eman zion Tourrari, Roubaixko harbidea eta Alpeak iritsi aurretik. Klasiko zaleentzat bezala, hainbat oilarrentzat ailegaera aproposa zen, eta diferentzia batzuk ikusi ziren. Gehienak matxurek eragindakoak, baina baita ezinaren ondorioz gertatutakoak ere. Garrantzi txikikoak, dena den. Froome-k 5 segundo galdu zituen aurkariekiko, baina haien pare helmugaratu ez zelako, aintzat hartzeko moduko atzerapena da. Dumoulinek eta Bardetek matxurak izan zituzten azken kilometroetan, eta ezin izan zuten onenen tropela harrapatu, azken 2 kilometroetako malda hasi aurretik.
Ohi bezala, 5 laguneko ihesaldia osatu zen etapa hasi eta berehala: Smith, Pichon, Grellier, Goudin eta Turgis. 4 minutuko langa jo zutenean Quick Step jarri zen lanean. Hainbesteraino, haize-babesak eragitear izan zela, tropela hautsiz. Une bat baino ez. Lasaitasuna gero. Bukaeran, Mitchelton-eko Jack Bauerren ahalegin ustela, eta Daniel Martinena. Saiatu zen Thomas, Porte bere atzetik, Latour ondoren, baina ezin izan zuten harrapatu.
Gaur 7. etapa korrituko da, Fougueres-Chartres, Tourreko luzeena, 231 kilometrorekin. 4. mailako mendate bat dago bide erdian, eta bukaerak goranzko joera leuna du, %2koa.