BMC nagusi taldekakoan; Van Avermaet lider berria

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2018ko uzt. 9a, 02:00

Oilarren artean Porte eta Froome aritu dira ondoen; txukun Uran, pattal Valverde, Landa, Quintana eta Nibali, eta oso gaizki Bardet
 

Espero zen gidoia eman zen Tourreko 3. etapan, 35.5 kilometroko taldekako erlojupekoan. BMCk irabazi zuen etapa, SKY eta Mitchelton-Scott taldeen aurretik (4 eta 9 segundo okerrago, hurrenez hurren). Espero baino txukunago aritu zen Rigoberto Uranen Education First (35 segundoko atzerapena), nahiko gaizki Movistar eta Bahrein, eta oso gaizki Bardet-en Ag2r. Quintanak, Valverdek eta Landak 53 segundo galdu zituzten helmugan, lehen erreferentzia puntuan onenen antzeko denbora eginda ere.

Emaitzak batuta, lider aldaketa egon zen, Peter Sagan Borako liderra atzean geratu eta minutu asko galduta helmugaratu zelako. BMCko Greg Van Avermaet da Tourreko lider berria, SKYko Geraint Thomasen aurretik. Oilarren artean, Geraint Thomas eta Tom Dumoulin dira ondoen sailkatuta daudenak, Top 10ean. Froomek eta Portek ere aurrera egin dute, lehen egunean galdutako 51 segundoko atzerapenari buelta emanda. Uran kolonbiarra era nahiko goian dago, eta Quintana herrikideari 1.33ko tartea ateratzen dio, dagoeneko.

Bihar 4. etapa jokatuko da, esprinterrentzat beste aukera bat: La Baule-Sarzeau artean, 195 kilometro eta laugarren mailako gain bakarra, bidean. Azken zuzenguneak goranzko joera suabea dauka.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!