Beldurrez bizi gara. Kaskoa jantzi, errepidera irten eta auto bat ondotik pasatzen den bakoitzean erne. Gidari askok errespetatzen gaituzte, 1.5 metroko distantzia utzi. Beste batzuk ez. Beti baitago presa daukan norbait. Edota “bizikletekin mendira!” botatzen duena, ahobero eta lotsagabe. Eta denetan gaiztoenak. Bizikletak aurreratzeko bide ematen ez dugulakoan, gugandik ahalik eta gertuen pasa, zikloturista beldurtzeko. Binaka ibiltzeko eskubidea daukagu. Legeak babesten gaitu, trafikoa oztopatzen ez bada. Eta oztopatzen badugu, gu geu gara auto edo kamioei aurreratzeko keinua egiten diegunak. Zikloturistok baikara galtzeko gehien dugunok. Gure txapa besoak dira, gure pintura hankak eta bizkarra, edo aurpegia. Eta horiekin asfalto gogorra kolpatzen duzunean badakizu zer dagoen: oinazea eta atsekabea denbora luzez. Igande goiz askotan izan ditugu sestrak auto edo kamioi gidariekin, eta izango ditugu. Heziketa falta latza baitago gidari askorengan. Ez gaituzte beste auto bat bezala ikusten, bizikleta batean goazen gidari arruntak garenean.
Urnieta, Andoain, Villabona, Tolosa… toki gaiztoak denak zikloturistentzat. Zebrabideak erabiltzen ez dituzten herritarrak, bigarren ilaran aparkatzen duten autoak, keinukariak erabiltzen ez dituztenak… Errepidean hiri barnean baino lasaiago ibiltzen gara sarri. Hiri barnean, beti lau begirekin. Eta arauak errespetatuz. Urnietako Zikloturista Elkarteko irteeretan semaforo gorri guztietan geratzen gara, biribilgune guztietan. Guk segurtasuna nahi badugu, segurtasunez jokatzea baino ezer errazagorik ez. Istripu bat eduki nuen urte batzuk atzera. Arina, zorionez. Baina errepidera bueltatu naiz. “Nola ibiltzen zarete errepidean, dagoen arriskuarekin?”. Galdera hori entzun ez duen zikloturistarik ez duzu ezagutuko. Heziketa gabezia latza, berriro. Irteten gara maite dugulako, gustura ibiltzen garelako. Beldurra ahaztuz. Edo disimulatuz. Beldurra duena lurrera joango baita lehenago edo geroago, urduritasunean itota.
Orats Carrasco berriro bizikleta gainean ikusita poztuko ginateke. Bere gurasoak erail zituen mozkorra urte luzez espetxean ikusiko bagenu. Zigorretatik harago, errespetua. 1.5 metrok bizitza asko salba ditzake. Beldurraren hatzaparretan ibiliko gara beti, baina 1.5 metroko tarte horretan, beldurra txikiagoa da. Sentitzen dut hain gordin mintzatzea, baina gure bizitza zure baitan egon daiteke. Gidari, errespeta gaitzazu!