Fernando Gaviria kolonbiarra da Tourreko lehen liderra. Esprint murriztuan, Peter Sagan eta Marcel Kittel menderatu zituen. Murriztua, azken 15 kilometroetan eroriko asko gertatu zirelako urduritasunaren erruz, eta tropela erabat hautsita helmugaratu ziren. Erorketek hainbat oilar kaltetu zituzten, besteak beste Chris Froome faborito nagusia, 51 segundo galduta. Portek eta Adam Yates-ek ere denbora bera galdu zuten, eta Nairo Quintana kolonbiarrak 1.12, 4 kilometrora gurpila zulatuta. Landa, Nibali eta Valverde onenekin batera helmugaratu ziren.
Etapa aspergarria izan zen bestelakoan. Ofrredo, Ledanois eta Cousin ibili ziren ihes eginda, tropelaren baimenarekin. 4 minutuko aldea irekita, Quick Step lanean hasi zen, Groupama -FDJk lagunduta, eta aise harrapatu zuen hirukotea. Hondarrean, Froome airean belazera, Quintana jazarpenean...
Bihar bigarren etapa jokatuko da. 182 kilometro lau, eta mendate bakarra, 4. mailakoa. Esprinterrentzat aukera ezin hobea berriro, eta gurutze-bidea faboritoentzat, erorikoak saihestu asmoz.