Puntu bateko aldea, eta bi jaurtiketa libre Basilerentzat. Bigarrena huts egin zuen, eta San Emeteriok hartu errebotea. Teletovic baloi eskean zeukan, bosniarrak azken jaurtiketa nahi zuelako. San Emeteriok beretzat gorde zuen baloia. Basileri iskin egin, eta 2+1ekoa gauzatu zuen, Morrisen falta behartuz. 79-78, eta historiako hirugarren titulua. Kazetariak sinetsi ezinik geunden, gure tokian. Splitter Brasilgo banderan bilduta, Marcelinho burusoilduta… Ordu txikiak arte egon ginen Buesa atarian, udako gauaz gozatzen. Liga bat irabaztea ez baita eguneroko kontua.
Zortzi urte geroago itzuli da Marcelinho, eta finala jokatuko du berriz Baskoniak. Euskal Herria ordezkatzen duen ikurretako bat da Baskonia. Euskal Herriko 7 herrialdeetako zaleak erakartzen dituena. Toki gutxitan bezalako giroa sortzen du Buesan, eta horregatik, traola hau erabiliko dut hurrengo egunetan sarean: #hanizannintzenhanizangonaiz.