Aurreko momentu, ordu eta egunak ez dira samurrak izango, ziurrenik. Ziurrenik, diot, nik ez dakidalako nolakoak diren une horiek. Ez naiz heriotzaren atarian egon, gogoratzen naizenik behintzat. Itsasoan itotzear behin, horretaz gogoratzen naiz. Susto latza hartu nuen. Pentsatu nahi dut jende gehientsuenak ere ez duela sentitu, ez dakiela zer den heriotzaren atarian egotea.
Eta hobe horrela. Mundu moderno honetan gizakiak ulertu, onartu, azaldu ez duen zerbait badago, heriotza baita. Ez gaude prest heriotzari aurre egiteko, eta ez gara egongo. Ez noski, hiltzen dena, baina ezta hiltzen den pertsonaren hurbilekoa ere. Etortzen da, eta zama horrekin bizitzen zara. Ez duzu inoiz erabat gainditzen edo ahazten. Jakin nahiko nuke heriotza ikusi, sentitu, sumatu duen norbaitek halakorik gainditu, ahaztu edo ulertzen duen. Baina ez da lan erraza. Aurrena, halako egoeran egon den norbait bilatzea. Ondoren, horri buruz galdetzea. Galdera deserosoak baitira…
Jokin Lizeaga hil egin zen Picos de Europa mendikateko zulo batean. “Bi aldiz hil nintzen”, esan zuen kazeta honetan. Uler dadila ‘hil’ hitza, Lizeaga gurean baitago, oraindik, zorionez. Sinesteko moduko hitzak dira, Lizeaga ez baita adierazpen morbosoak egin zalea, komunikabideen arreta musu-truk esnatu zalea. Infernuko zulo hartan bizi, sentitu izan zituenak azaldu ditu han eta hemen, ahobizarrik gabe, okindegira joan eta ogia erosten ari denak “gaur eguraldi kaskarra” dago esaten duenean bezala. Natural. Umil.
Urnietako mendi lasterkariak ez zuen halakorik gertatuko zitzaionik espero. Ez berak, eta ez inork. Ezinezkoa baita heriotza aurreikustea, heriotzaren atarirako prestatzea.
Horregatik, eta zuen, irakurleen baimenarekin, aholkutxo bat: Bizi, gozatu, ekin, eragin, jardun… Bizitza bakarra baita! Charles Chaplinek aspaldi jarri gintuen arrastoan: “Badago heriotza bezain saihestezina den zerbait: bizitza!”.