Ikasle garaian Realzale petoa nintzen, kinielak eta Espainiako irrati kateetako carrusel saioen entzule fina. Baskonia saskibaloi taldea, futbolari gaina hartzen hasi zitzaion, pixkanaka. Eta baita txirrindularitza ere, noski. Errugbia etorri zen ondoren, eta futbola indarra galtzen hasi. Baina erabat desagertu gabe, futbolak eta futbolaren inguruko munduak sekulako indarra daukalako.
Egunero, edonon, edozein momentutan suma daiteke indar hori. Tabernatan beti dago futbola, Zeelanda Berriko Liga izanda ere. Jende askoren aldartea bere futbol-talde kutunaren emaitzaren araberakoa da. Telebista gehienetako kirol saioetan futbola da, ia hizpide bakarra, aspergarri egiteraino.
Futbolak berak baino gehiago saltzen baitu futbolaren inguruko bazkak, polemikak eta ika-mikak. Epailearen eta jokalarien ekintza oro luparekin aztertu edo kritikatu beharra dago, nonbait.
Joan zen asteburuan Erroman izan ginen lagun batzuk, Errugbyko Sei Nazioak txapelketako Italia eta Eskoziaren arteko partida ikusteko. Ikaragarria izan zen. 60.000 lagun estadioan, eskoziarrak euren kilt jantziekin hara eta hona lasai, Italiako fratelli-ak euren kamiseta azzurra soinean harro. Errugbi partida baten bueltan, denak. Maite dut errugbia, kirol lehiaz haratago kiroltasun osagai bete-beteak dituelako. Ez dut errugbia zeruratuko. Ez dut esango denetarako ispilua denik, edota errugbian mespretxu edo irainik ez dagoenik. Bai, badaude. Baina partida bukatuta itzali egiten dira, zorionez.
Erromatik bueltan jakin dut Bruselan Belgika eta Espainiako errugbi selekzioen arteko partidan zer pasa zen. Espainiak galdu, eta kolokan jarri da Japoniako Munduko txapelketan jokatzeko ia-ia ziurtatua zeukan txartela. Porrota onartu ezin, edo nahi ez, eta Espainiako selekzioko jokalariek scratche-a egin zioten Vlad Iordachescu epaile errumaniarrari. Lau hilabete atzera izendatu zuten epailea! Emaitzak, baina, Errumania sailkatu du Munduko txapelketara, eta horrek hautsak harrotu ditu Espainiako errugbi munduan. Inoiz ikusi gabeko jazarpena egiteraino, epaileari. Errugbian jokalariek ez dute epailearen erabakirik auzitan jartzen, eta jartzen badute, zigor itzelak jaso ohi dituzte. Errespetu itzela edukitzen zaio, tradizioz. Espainian izan ezik, nonbait. Arrazoiren bat bilatu nahi baduzue, honatx, indartsuenetakoa: zale askorentzat Espainia eta Belgikaren arteko errugbi partida izan zen ikusten zuten lehena. Gehienak futbol zale sutsuak. Buelta daitezela futbolera, mesedez.