Eskualdekoa ez zen jende asko, irteeran. Andoaindarrak, gehiengo. Herrikide batzuk ere bai, euro eskean, kafe baten aitzakian tabernako komunera joan eta arinago irteteko. Gasteiz, Iruñea, Toledo, Bartzelona, Kanaria Handia..., uharte horietako jendearen sufrikarioa 6 C°-ko hotzberoarekin!
Goikoplazan ere giro hotza zen. Igande goizetan jendeari mugitzea kosta egiten zaio. Tantaka hurbildu ziren helmugako gunera. Lau orduko lana aurretik speakerrarentzat, aspergarri izan gabe jardutea ez da batere erraza. Maratoi erdiko lehenak iritsi ziren, nafarrak lehen biak eta esprintean, Urigain kultur etxeko aldapan behera Elizondo tabernako bihurgunean lurra ukitzeko zorian.
Diversport talde antolatzaileko kideak aspaldi ari ziren lanean. Batzuk gosaria prestatzen, besteak denborak hartzen, guztiak Sonia nagusiaren aginduetara.
2 ordu eta laurden kronometroan. Orduan hasi ziren korrikalari multzoak helmugaratzen. Jende pilaketa Kontzejupean. Butifarra usaina nonahi. Korrikalariak gose, eta laguntzaileak ze asman...
Masajea hartzeko ilara hazi egin zen ikaragarri, eta 3 orduko denbora hurbildu ahala, korrikalariak herrenka, edo muga-mugan helmugaratzen ziren. Haiekin lau hitz elkartrukatzea plazer izaten da. Gehienek ibilbidearekin ikaragarri gozatu omen zuten: "Natura, hitz batean", zioen Toledoko gizon batek. Bueltatuko da, ia denak bezala. Inork ez zioen ezezkorik, nahiz eta urrutitik etorri ziren: "Proba, ikusgarria, antolakuntza, bikaina, eta giroa, ba ederra!", Valentziako bikote batek.
26 kilometroko proban gertatutakoa errepikatu zen maratoian, gizonezkoetan. Bizpahiru segundoan erabaki zen garailea. Ion Aizpurua garaile. Aizpuru bigarren abizena. Urola bailarakoa. Azkoitiarra.
Ume txikiekin ospatu zuen, arnas pixka bat hartu ostean. Maratoiko lehen emakumeen iritsierarekin etorri ziren goizeko unerik hunkigarrienak. Natacha Lopezek irabazi zuen. Valentziarra da Lopez, eta patxada handiarekin, mikrofono aurrean bularreko minbizia jasan zuela kontatu zuen. Gaitz larri horrek ez diola korritzeko grina itzali, eta gaitz horren berri emateko, berak eta David Serrano senarrak urte batean 15 maratoi korritzeko erabakia hartu zutela, Reto42Kancer ekimenean.
Hilabetero bat, gutxienez. Natachak txalo zaparrada beroa jaso zuen Goikoplazan, jarri nion mikrofonotik lekukotza ematen ari zela.
Minutu gutxira helmugaratu zen Eva Esnaola urnietarra. Ultrafondo probetako korrikalari ezaguna, negar batean murgildu zen helmuga pasa eta berehala. Ezin jakin iristearen emozioagatik zen, edo beste arrazoiren bat zegoen tartean. Mikroa hurbildu eta lehertu egin zen. Ama hil zitzaion pasa den astean, eta nola edo hala jakinarazi zion helmugan zeudenei haren omenez maratoia osatu zuela, amaren bultzadari esker beste maratoi bat osatu zuela.
Kronometroa lau ordura zihoan. 26 kilometroko probako korrikalari guztiak helmugaratu ziren. Maratoiko azken aleak falta ziren, eta tartean lerroon egilearentzat ispilu diren bi herritar: Maite Begiristain, Eroskiko Maite urnietarrontzat. 4 ordu eta 15 minuturen bueltan osatu zuen, bukatzeko esperantza handirik ez bazeukan ere. 61 urterekin osatu zuen Lekunberri eta Andoain arteko bidea. Minutu pare bat geroago iritsi zen Agustin Santervas, asfaltoan oinetakoak hausten mende erdia baino gehiago daraman 74 urteko aitona. Balentria ikaragarria! "Ondo joan naiz 34. kilometrora arte, orduan iskiotibialak kargatu zaizkit, eta hainbestean etorri naiz helmugara". Harrapazak/n...