1.200 Baskonia zale Berlinen. Eta txaranga, eta dultzainero eta erraldoiak Alexanderplatz mitikoan. Saltsa eta festa giroa Mercedes Benz Arena pabilioi ederrean. 7.000 turkiar eta ehunka berlindar euskaldunoi beste planeta batekoak bagina bezala begiratzen. Guk Berlini bezala. Laua, zabala, handia, kosmopolita, anitza, ‘merkea’ kakotx artean, ezaguterraza. Dotorea Mercedes Benz Arena. Ez hainbeste bertako ‘catering’-a. Batez ere janari bila errusiarren ondoren joaten bazinen.
F4a festa handia da. Saskibaloiaren epizentroa. Eta zure talde kutuna ezustean han bada, ba aukera ikaragarria. Tentsioa, urduritasuna. Hotelera iritsiko ote gara garaiz, irratian telefono konexio ona edukitzeko? Pabilioian azpiegitura ona izango al da? Gai izango ote naiz partida oso bat modu txukunean kontatzeko? Gaizka Maiza jokalaria eta Aitor Uriondo entrenatzailearen jakintzaren pare egongo ote naiz? Kazetari-kontalari baten azken uneko zalantzak.
Berotu naiz epaileekin, Obradovic Fehnerbace taldeko entrenatzaileari epaileek ematen dioten tratu bereziagatik, esan dugu Baskonia finalean zegoela… baina azken jaurtiketan Adamsen ahalegina kanpora, luzapena eta kanpora. Ezberdina da larunbata finala jokatu behar baduzu edo ez. Moskun, 2005ean, hazita geunden, final handiaren zain. Larunbatean, Berlinen, triste, zain, ‘nolatan galdu dugu partida’ bueltak eta bueltak ematen. Egin dugu turismo apur bat, Berlingo gaua ezagutu, eta finalarekin gozatu! 3 orduko partida ikusgarria. Aireportuan orduak egin ditugu, eta Baskoniako jokalariak alboan izan ditugu, ilaran. Jendeak txalo artean hartu ditu. Nortasunez jarduten duten aldiro bezala. Baskonia izaera! Eta Istanbulera joango bagina? Urtebete geratzen zaigu. Aupa Baskonia!