Mendiaren alaba

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko ots. 1a, 11:07

Kontzientzia, edo arima astintzen duen dokumentala izan zen ikusgai asteartean Andoaingo Bastero Kulturgunean: "Pumori Mendiaren Alaba". Alex Txikon eta Baleuko ekoizpen etxeak sortua, 2001ean Euskal Herria astindu zuen istripu beltz bat du ardatz.

Urola eta Sakana eskualdetako bost mendizale gazte Himalayako Pumori mendian geratu ziren betirako (7.161 metro), elur jausi batek harrapatuta: Beñat Arrue, Iñaki Aiertza, Aritz Artieda, Javi Arkauz eta Cesar Nieto. Tragediaren berri beheko kanpamenduan jaso zuten beste bost lagunen bizipenak kontatzen dira hainbat lekukotzarekin, Alex Txikon mendizalearen lokuzioa entzuten den bitartean.

Ordubeteko bilduman, gizakiok malko isurien mugan jarriko dituen une ugari daude. Eta hori bizitza beti heriotzaren gainetik jartzeko nahia, haria garatuz lortzen da: zorigaiztoaren gainetik bizipoza jarriz, doluaren gainetik bizitza berri baten jaiotza goretsiz, tristuraren gainetik esperantza bilatuz. Mendizale sutsu batzuen zoritxarrak Suku Maya Nepalgo gaztetxoaren txinparta du kontrapuntua. Beñat Arrue Aizarnako mendizale gaztearen heriotzak Thame herriko Suku neskatoak bizirik irauteko daraman borroka kontatzen da, iragana-oraina-etorkizuna jokoan etengabe murgilduz.

Dokumentala Suku Mayak ikastola batera egiten duen bisitarekin hasten da, euskara jatorrean mintzatuz aho bete hortz begiratzen dioten haurrez inguratuta. Lagunen heriotza gertutik bizi izan zuten mendizaleen testigantza gordina dator gero, dramatismoan jausi gabe, eta gazteen heriotzari Beñat Arruek zeraman argazki batek hartzen dio txanda, dokumentalaren ardatza, hain zuzen ere: Suku Mayaren argazkia, haur txikia zenean. Argazki horri tiraka, Peio Arrue eta Arantxa Gurrutxaga Beñaten gurasoak Maya ezagutzera joaten dira Nepalera, eta beraiek bezala, Pumorin geratu ziren mendizaleen beste guraso guztiak.

Alex Txikonek Pumorira 2017-2018ko neguan egin zuen igoerako trazak sartzen dira tarteka, eta gailurreko momentua, Sukuren osasun egoera hobetzeko pauso guztien ondoren erakusten du Aizarnan, Nepalen balego bezala. Nepalen, ziur aski, heriotza mantsoa izango zuen, baina orain bizitzari eusten dio, tinko. Eta poliki doa, indartzen.

Oroitzapena bezala. 2001eko urriko zubi hartan Pirinioetan nintzen. Ez naiz ondo gogoratzen non. Istripuaren berri eduki eta Ramon Olasagasti lankidearekin Azpeitiko frontoian egin zen omenaldian izan nintzen, egun batzuk geroago. Herria saminduta zen. Ez urrun, hiru aste atzera, Aizarnara enkargu bat egitera joan eta Suku ezagutu nuen aurrez aurre. Bizitzaren oroitzapenak. Bost mendizaleen senide eta lagunak urtero Aralarko San Migelen biltzen direnean bezala, Pumorin geratu ziren gazteak oroitzeko. Oroitzen dena ez baita inoiz hiltzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!