Zer gertatu zen enteratuko zineten, dagoeneko, saskibaloi zale peto izan gabe ere... Espainiako futbol programa polemikoenek ere tartea egin baitiote saskibaloiari, behingoz. Jakina, bazka eta polemikaren bila... Epaileen akats bik baldintzatu zuten finala. Bartzelonaren txapela atzeratu zuena, lehenengoa. Real Madrili Kopa lapurtu ziona, bigarrena. Bai, lapurtu diot, telebistako errepikapenak ikusi ostean epaileek hartu zuten erabakia hartzea ulergaitza baita. Nire tesia argia da. Norbaitek, epaileei, Bartzelona modu erabakigarrian kaltetu zutela jakinarazi zieten telebistan ikusi ez zen uneren batean, eta konpentsazio moduan, Tomic-en saskiratzea ontzat eman zuten, hala ez zenean. Nik esatea gutxienekoa da, ez bainaiz epaile, baina epaile, teknikari eta jokalari denek berretsi dute.
Ondorengoa? Iskanbila latza. Barça txapeldun, eta Real Madrileko prentsa eta propaganda makinaria egurrean etengabe. Jokalari batzuk epaileei lapurrak eta lotsagabeak deitzen publikoki, saskibaloi talde horretako arduradun gorena epaileen kanporatzea exigituz prentsa aretoan. Eta gurpilari abiada handiagoa emateko, Real Madrilen mehatxua, ACB liga uzteko, elkarte horrek eta epaileenak barkamen publikoa eskatzen ez bazuten. Batek tira, besteak bultza, polemikak ez du etenik, eta ez du izango epe ertainean. Bitxia egiten zait Real Madrileko jokalariek halako erreakzio gogorra izatea. Lapurtu dietena baino askoz gehiago baita, urteetan eman dietena. Adibide bat, hori ulertzeko. Gogoratzen al zarete Gasteizko Kopan Andorraren aurkako partidan jokoz atzera sonatu harekin zer gertatu zen? Ba gaur da eguna, non Real Madrileko jokalari eta zaleek, ironiaz, tituluak ‘Era campo atrás’ abestiarekin ospatzen dituzten. Alegia, mesede egin izan dieten epaileen erabakiez trufatzen dira, baina kalte egiten dietenak delitu gaiztoenekin parekatu. Horrek indarra kentzen die bere protestei. 2020koa Malagan izango da. Enpresari esan diot, hurrengo urtekoa zale gisa bizi nahiko nukeela. Kazetari jardunean oso suerte txarra edukitzen ari naizelako Baskoniarekin. Joaterako, etxera buelta pentsatzen! Gainera, Kopa bat zale gisa bizitzea esperientzia ikaragarria da...