Patxada handia dago Oiamar baserrian, bazkalostean. Siesta garaia, ziur aski, Iñaki Goenagarentzat, goizean goiz lanean aritua baita aziendako hirurogeita hamar behiak jezten eta zaintzen. Bere egunerokoa kontatu dio Aiurri astekariari, eta baserriaren etorkizuna kolokan dagoela nabarmendu du, garbi asko.
Nola hasi zinen baserrian lanean?
Beno, bertan jaio nintzen. Etxeko mutila naiz. Hala tokatu zen, familiako zaharrena nintzelako, nahiz eta maiorazkoa eta antzeko kontuak galduak dauden egun. Bere garaian, aita eta amarekin elkartea osatu genuen eta nire kabuz erabaki nuen baserrian geratzea. Ez naiz inoiz damutu.
Ikasketarik baduzu?
16 urte arte eskolan ibili nintzen, Lanbide Hezkuntzako gradu ertain bat bukatu nuen, mekanikan. Gero soldadutza egin nuen urte eta erdi, eta orduz geroztik 35 urte baserrian.
Orain dela zazpi urte ENBA-Gipuzkoa sindikatuko presidente ere bazara. Nolatan?
21 urterekin EHNEn hasi nintzen (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna), baina 1991n ENBA sortu zen (Euskal Nekazarien Batasuna), eta bertan afiliatu nintzen. Azken zazpi urtetan presidente izan naiz. Norbaitek egin behar du, eta orain niri tokatu zait. Nik lana baserrian egiten dut, eta sindikatuaren bitartez gure kezkak eta asmoak erakutsi edo jakinarazten ditugu gizartea eta administrazioaren aurrean. 28 urte daramatzat ENBAn, baina sindikatuko funtzionamendua halakoxea da: gaur ni, bihar zu, eta antzera. Azken aldian, ezin iritsi gabiltza, hainbat behar sortu direlako, eta jakina, gure lehentasuna baserria delako.
Ze funtzio betetzen duzu presidente gisa?
Sindikatu gisa hainbat ekitaldi, bilera eta jardunaldietara azaldu behar izaten dugu. Bulegoan apenas egoten naizen. Hilean behin halako bilera bat egiten dugu, eta gero, sor daitezkeen kontuak. Aldundiak lege berri bat atera duela, edota aurrekontuez hitz egin, edo afiliaturen batek duen arazoren bat aztertzeko bilera egin… Iraganean dena zen korapilatsuagoa, tramite edo oztopo gehiago. Egun administrazio lanak arinago doaz.
Zenbat zarete ENBA sindikatuan?
Hiru langile daude: koordinatzailea, abokatua eta idazkaritzako lanak egiten dituen langilea. Zuzendaritza Batzordean hamar bat lagun gaude, sektore ezberdinetakoak, eta afiliatu kopururi dagokionez, bostehun afiliatu edo izango gara.
Eta ze arazo ditu baserritarrak egun? Zer galdetzen dizuete?
Agiri kontuak, batez ere. Abokatu lanak, aholkularitza proiektu jakin bat garatu nahi bada ze erakundeetara jo… Batez ere erreleboaren kontua da gure arazo nagusia, soluzio zaila duelako, eta gero eta zailagoa, denborak aurrera egin ahala.
Nolakoa da egoera? Arduratuta sumatzen zaizu.
Egoera nahiko larria da. Herritarrek denbora librea nahi dute, urteen joan etorrian beste entretenimendu batzuk sortu dira… Baserrian bezala, langile autonomo direnak denbora librearen kontzeptuarekin borrokan dabiltza. Ez dauka gaitasun ekonomikoarekin zerikusirik, askatasun gose horrekin baizik. Artzaintzan, Arantzazuko eskolarekin, egoera zerbait hobetzen ari da. Baratz kontuetan ere egoera ez da hain larria, baina behi eta esne ustiaketan aritzen garenon artean… egoera ez da ona.
Nolakoa da zure baserrian behi ustiaketan aritzen den pertsonaren egunerokoa?
Goizeko 06:00ak aldera jaikitzen naiz, ukuilura joan, eta orain semeak ikasten ari direnez, nire bakardadean murgildu eta hiru bat orduz edo behiak robotarekin jetzi. Robotari esker beste zeregin batzuk egiteko aukera daukagu, malgutasuna ematen digulako. Medikura joateko, edo beste enkarguren bat egiteko. Behiak errutina jakin bat eskatzen du: Hamabi orduz behin jetzi egin behar dela, hala egiten ez bada abereak antzeman egiten duelako. Ordua bata edo bestea izan, ez du garrantzirik. Behiak goizeko ordubietan, lautan edo seitan jetzi ditzakezu, baina bigarren aldiz jezten dituzunean, hamabi ordura izan behar du. Behiak jetzi ondoren, beste hainbat lan egin behar dira: garbiketa lanak, jana prestatu, belazeak moztu… 35-40 belar hektarea ditugu, lur sail propioak eta errentan hartzen ditugunak, gutxi gorabehera. Baina esandakoa, robotari esker, ez duzu zertan dena une berean egin beharrik.
Zenbat buru dituzu?
70 behi ditugu, 140 bat buru.
140 buru! Lehen kolpean kopuru handia dirudi, lan handia.
Beno… Egun, dagoeneko lan fisiko gogorragoak badaude, honek daukana zera da, kontu bategatik edo besteagatik, ordu asko sartu behar direla, eta lotua dela. Orain dela mende erdi askoz gogorragoa izango zen, noski…
Eta esne bilketa, nola egiten da?
Esne bila bi egunez behin etorri izan dira orain arte, baina aurrerantzean egunero etorriko dira.
Ordezkapen brigadak ba al daude?
Bai. Nik oporretarako ez ditut erabili izan, bai ezkontza edo beste egun bateko konpromisoa izan dugunean. Oporrak behar izan ditugunean anaiak, edo semeek hartu izan dute ardura. Kaiku, Lurgintza eta Abelur kooperatibek eskaintzen dute zerbitzua, EHNE sindikatuak ere bai. Kontua zera da, paper gainean ikusita aukera ona dirudiela, baina gero ez da erraza zerbitzu hori hartzea. Aste batean baserri batera joaten dira, hurrengoan beste batera, eta baserri bakoitzak lanerako sistema bat du; ganadua mota batekoa, makinak bezala, eta baserriko nagusiak ere bere ohiturak eta beste izango ditu… Urte osoan lana ziurtatua duten hiru mutil badabiltza, baina esandakoa, hara eta hona ibili behar dutenez, ez da erraza zerbitzu hori kontratatzea. Nik neuk, egia esan, ez dut beharrik izan.
Etxean segidarik baduzula esan dit txori txiki batek. Hala al da?
Bai, Mikel semearekin. 19 urte ditu. Mekatronic edo mantentze-lanak ikasten ari da, aurten bukatuko du, eta berarekin behintzat Oiamarren segida izango dugu. Ez da egun batetik bestera hartu duen erabakia, txikitatik sumatzen genion gustura ibiltzen zela baserrian. Harro sentiarazten nau, beste baserrietan laguntza behar duten hainbat lagun izan, eta etxean semeen laguntzarik ezin lortu baitabiltza, kanpoan lanean ari direlako. Soldata eskaini etxean, eta ezezkoa eman, nahiago duelako kanpoan jardun.
Beste bi seme dituzu, zer diote haiek?
Bai, Beñat eta Oier. Ingeniaritza ikasten ari da Beñat (21 urte), baina hark aspaldi esan zidan garbi, berak aurrena baserritik kanpo probatu nahi zuela, ea zer zegoen, eta gero erabakiko zuela zer egin. Laguntza eskatu izan diodanean, dena den, beti eman izan dit. Oier oso gaztea da oraindik, 12 urte bakarrik ditu.
Behi ustiaketak bizitzeko ematen al du?
Ezer ez da behar adina ordaintzen. Ez esnea, ez haragia, ezta baratzeko produktuak ere. Gurean jakin izan dugu moldatzen, eta instalakuntza eta formazio kontuetan lan handia egin da. Ematen du, bai. Haragi ustiaketan baldin bazabiltza, behi eta eremu kopuru handia behar da. Artzaintzan gaztak ematen du, ondo saltzen den produktua delako. Esnearen kasuan ekoiztu egin behar da, asko ekoiztu, egungo egoera ez delako orain dela 30 urteko berbera. Orain gauzak ondo egin behar dira: kalitatea, garbitasuna…
Sektoreak ba al du politikarien, erakundeen babesa, laguntza?
Politikariez baino, ni gizarteaz mintzatuko nintzateke, orokorrean. Gipuzkoako jendarteak baserria, bertako produktuak nahi, goxatu, zaindu nahi ote duen erabaki beharko du, eta erabaki hori gizarte osoari dagokio, politikari edota erakunde jakin batzuei baino. Zer egin nahi du Gipuzkoako gizarteak herrialdeko baserriekin? Baserritarrok prest gaude aurrera egiteko.
Gizarteak baserriei buruz zer pentsatzen duela sumatzen duzu?
Esango nuke gizarteak pentsatzen duela baserritarren etorkizuna ez dela bere arazoa. Gizarteak lurralde bat nola zaindu ez dakiela esango nuke. Gu lurrak, aziendak ematen duenetik bizitzen saiatzen gara, ahalik eta ondoen, noski. Eta gauza asko ez ditugu ondo egin, baina belazeak berde ikusi nahi baditugu, edota mendira joan eta bidezidorrak garbi ikusi, hori norbaitek egin behar du. Gizartearentzako irtenbide merkeena baserritarrei laguntzea dela esango nuke. Zer egingo du gizarteak baserritarra desagertzen denean?
Eta nola aldatu gizarteak zuekiko daukan pertzepzio hori?
Hainbeste lan dago egiteko… nondik hasi beharko genukeen ere ez dakit. Baserria eta gizartea gerturatzen hasi behar dugu, gero eta urrunago baitaude elkarrengandik, zoritxarrez. Orain dela sei bat urte baserrietako Ate Irekien jardunaldiak egin ziren. Mugimendu dezente sortu zen, 600 bat lagunek edo parte hartu zuten, eta gehien harritu ninduena zera da, jendeak baserrian egiten denaz arrastorik txikiena ere ez daukala. Ezin sinetsita geratu nintzen egoera horrekin. Gure aiton-amonei ikusi genien irudia dauka gizarteak buruan, eta baserriaren etorkizuna bera auzitan dago.
Erakundeek, noski, izango dute egoera larri honen berri, ezta?
Azken hiru urteetan elkarlanean ari gara, Gipuzkoako Aldundia eta hainbat elkarterekin, gizartea eta baserriaren arteko urruntze hori nola murriztu aztertzen. Egoera Gipuzkoako Batzar Orokorretan aztertu beharko litzateke nire ustez, erakunde hori baita Gipuzkoa martxan jartzen duena.
Eta neurririk gabe... zer gerta liteke?
Baserriko bizitza itzaltzen joango dela, erabat itzali arte.
Eta horrek ez al dauka erremediorik?
Ze erremedio, baina? Nekazaritzari bere balorea eman behar dio gizarteak, gugandik hasita. Pentsa, nik gure gurasoei entzuna da, baserrian, nik eta emazteak haurrak izan eta gutxira, nola esaten zuten, ‘hauek iristen direnerako, bukatuko dira baserriko lan denak, eta mesede ederra!’. Ni haurra nintzenean gurasoek ezer ez zeukaten, maizterrak ginen, eta egun, behintzat, Oiamar etxea gurea da. Bizimodua aurrera egiteko modua badugu. Egun iraganean baino askoz hobeto bizi gara, baina gu baino lehen baserria aurrera atera zutenen ikuspegi horrek erakusten du zerbaitek kale egiten duela…