7tan kafea Gurian, Urnietan. Autoa hartu eta Kimi Raikkonenen pare Etzegaraten gurpilak zukutu, eta Otzaurte gainera. Han, autoa, kanadar pasabidea baino harantzago utzi, estrategikoki, herriko korrikalariak ikusi ostean, garrote batean autoa hartu eta San Adrian aterpetxe azpiko errepide zuloren batean uzteko. Handik, erraiak bota beharrean, Sancti Spiritura. Mendi bideak Z bat markatzen duen gunera (bakarra dago). Han urnietar kolonia, ogitarteko, likido eta zintzarriak lagun. Ezagunak pasa ondoren, batzuk etxera, lanera, eta besteak Zegamara. Garaileak ikusteko iristea ezinezkoa.
Ederra da Zegama, ederra da Aizkorri, baina hainbeste jende ikusteak, goiz osoa hara eta hona presaka, korrika ibili beharrak ere nekatzen du… Everest, Aneto edo Mont-Blanc-en ikusten ditugun jende ilarak ditugu hizpide, baina Aizkorriko ermitak mendi maratoiko egunaz zer pentsatzen duen azaltzeko aukera balu… a ze egurra hara prozesioan hurbiltzen garenoi. Horregatik, aurten, urrutitik bizi izan dut Zegama-Aizkorri, telebistaren gertutasunari esker. Eta bero galdatan ito gabe, gainera, itzalean.
Irudi txukunak ETBn. Eta erraza ez. Jokin Lizeaga laguna komentarista. Gozatzen. Agerikoa da proban ari direnen scouting zehatza egin duela. Kontatu ditu korrikalari bat futbolaria izan zela orain dela urte pare bat arte, beste bat bere etxean eduki duela, eta ausart bota du Kilian Jornet-ek ez duela errekorrik hobetuko, Urbian 2.55 egin duelako eta handik ordubete beharko duelako Zegamara iristeko. Eta asmatu. Korritu ezinda ere, gutxik ezagutzen baitute Zegama-Aizkorri Jokinek baino hobeto. Hurrengo urtean ere telebista aurrean jarri beharko, ikasteko… Komentarista baldin bada. Aukeran korrikalari izatea nahiago bailuke. Guk bezala. Ea hala den. Orduan Sancti Spiritura bueltatuko naiz berriro.