Jumbo Vistak egurrean jarraitzen du, eta erakustaldia eman taldekako erlojupekoan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 7a, 17:08

20 segundo atera dizkio Team Ineos-i eta Movistar taldea izan da okerren aritu dena faboritoen artean

Herbehereetan oso ohikoak diren haize erroten pare dabil bertako Jumbo Vista taldea. Ziztu bizian. Taldekako erlojupekoan hegan egin zuten holandarrek, eta noski, Mike Theunissenek segitzen du lider, errenta erosoarekin.

Jumbo Vistak 20 segundo jan zizkion Team Ineos faboritoari, eta Ineos eta beste oilarren artean ez zen alde handi-handirik egon. Salbuespen batekin: Movistar taldea. Landa eta Quintanaren taldea oso pattal aritu zen, eta 45 segundo eder galdu zituen Ineos taldearekin.

Bihar 3. etapa. Frantziara bueltatuko da tropela, Epernay herrira. Klasiko zaleentzako etapa aproposa da, hirugarren mailako hiru mendate etapa hondarrean, eta kategorizatu gabeko beste hainbat muino. Alaphilippe, Valverde, Benoot eta lagunen txanda izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!