Zenbat etapa irabaziko ditu Alaphilippe-ek? Epernaykoa, lehena baino ez!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 8a, 17:05

Frantziarrak erakustaldia eman du, eta aurretik geratzen diren ibilbide bihurriko etapa guztietan bere palmaresa loditzeko hautagai indartsuena dela berretsi du

Etapa ikusgarria hirugarrena, Epernayn bukatutakoa. Nahikoa baita bizpahiru muino jartzea, tropela mila puskatan txikitzeko. Klasiko zaleen eremuan, klasiko zaleak oilartu dira. Wellens, aurrena, eta Alaphilippe, ondoren, garaipen ederra lortu eta lidergoa lortzeko. Dotore Deceuninq taldeko txapeldun txikia. Txikia izatez, handi talentuz. Michael Matthews helmugaratu da 2. postuan, eta Jasper Stuyven hirugarrenean.

Boskote bat izan da etapako protagonista. Izen ezagunak, tartean, Tim Wellens belgikarra, adibidez. Baina Tourra hasi besterik ez da egin, eta txirrindulari guztiak erregaiez lepo daramate depositoa. Epernay-ko akabera bihurriak boskotearen aukera murriztu du erabat, garaileen abanikoa 10-15 lagunera murrizten zuelako bukaera gaiztoak. Sei minutuko errenta handia lortu du azkar boskoteak, baina tropelak, Jumbo-Vistako Tony Martin alemaniarra eta Deceuninq-eko morroiren baten laguntzaz, kontrolpean mantendu dute bostekoa... Wellensek 50 kilometroren faltan bakarrik ihes egitea erabaki duen arte. All In egin du Lottokoak, baina atzean, esan bezala, indartsu aritu dira morroiak, eta helmugatik 16 kilometrora harrapatu dute.

Julien Alaphilippe txikiak hanka egiteko baliatu duen momentua izan da. Atzetik Mikel Landa, Mike Woods, Lutsenko eta Schachmann abiatu dira, eta Jumbo Vista tiratzen tropelean. Team Ineos-ek lana egin du Landa harrapatzeko. Eta Theunissen liderra, jokoz kanpo eta maillot horiari agur esaten. Alaphilippe, bitartean, hegan. Etapa eta maillot horiaren bila. Baita lortu ere. Deceuninq taldekoa garaipena lasai ospatzeko tarte nahikoarekin helmugaratu da, eta geratzen diren antzeko etapa guztietan ia faborito bakar izango dela argi utzi aurkari guztiei. Oilarren artean

Bihar laugarren etapa jokatuko da, Reims eta Nancy artean, 213 kilometro luze, eta esprinterrentzat aproposa, helmugatik gertu laugarren mailako mendate bat pasa behar badute ere. Helmugatik 15 kilometrora dago gaina, eta 3 kilometro ditu, %5eko maldarekin. Zenbait esprinterrek arazoak izan ditzakete gain hori tropel nagusian pasatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!