Etapa bizia izan da Vosges eskualdeko lehena. Ihesaldia oso garesti zegoen, eta tropela 30-35 kilometro ibili da egurrean, lau lagunei baimena eman dien arte. Han sartu dira mendiko sailkapeneko liderra, Tim Wellens, Simon Clarke, Mads Wurz eta Tom Skujins letoniarra. Laukoteak martxa egin duen arte milaka ahalegin, eta askotan Thomas de Gendt zaldia presente. Tropelak, Bora-Hansgrohe eta Sunweb-ek, bi minutuko tartea baina ez die eman, Matthews eta Saganekin etapa bilatzeko. Skujins-ek iraun du gehien, azken mendatera arte, baina han bukatu da bere abentura, helmugatik 20 kilometro pasatxora.
Cinq Chateaux azken mendatean ez da mugimendurik egon, Sunweb-ek erritmo itoan eraman baitu tropela, Matthews-engan pentsatzen. 60 laguneko tropela geratu da buruan, eta Matthews-en taldea, ordezkaritza aberatsena zuenetakoa, baina desastre handi samarra egin du australiarrak azken zuzengunean, eta ez du garaipenerako aukerarik izan. Peter Saganek bai, Wout Van Aert gazteak majo estutu badu ere. Van Aert izan da bigarren, eta Matteo Trentin hirugarren. Alaphilippe-ek jarraitzen du lider.
Bihar mendiko lehen etapa handia korrituko da Tourrean, eta borroka handia espero da. Eta borroka horrek oilar askoren benetako egoera argitzea. Onean eta txarrean. Vosges eskualdean sartuko da tropela bete-betean. 160 kilometro Mulhouse eta La Planche des Belles Filles gailurraren artean, 2014an Fabio Aruk modu distiratsuan konkistatu zuen malda ikusgarria. Lehen mailako hiru mendate, bigarren mailako beste bi, eta hirugarren mailako beste hiru. Zazpi mendate, denera, eta 45 kilometro maldan gora. Eguna hasteko lehen mailako Le Markstein, eta jaitsierarik gabe, Le Grand Ballon mitikoa. Ballon d'Alsace ezaguna izango da lehen mailako bestea, eta erne azken bi mendateekin: Chevreres, 3.5 kilometro eta %9.5eko batez besteko pendiza, hori jaitsi eta La Planche des Belles Files: 7 kilometro,%8.7ra. Team Ineos-i begira egongo dira denak, Erresuma Batuko taldea lasterketa hautsi zalea izan baita azken Tourretan, lehen etapa menditsua iristen zen egunean. Bernal edo Thomasen aldeko apustua egin duten ere jakingo da, akaso.