Etapa handia izan da Pirinioetako azkena. Muturrekoak ihesaldia hartzeko, eta egin denean, izen handiak 36 laguneko taldean: Nibali, Simon Yates, Bardet, Guillaume Martin, Quintana, Kanma... 2.30ko zuloa ireki dute aurrena, ia bost minutukoa Port de Lers gainean, baina Mur de Peguere gaiztoan trumoiak jo du, zeruan eta errepidean, eta erauntsia hasi da. Euria zerutik, eta sua zorutik. Ihesaldian Geschke eta Simon Yates joan dira bakarrik, eta haien atzetik Bardet, Quintana, Reichenbach eta Lutsenko. Dozena segundora izan dituzte gailurrean, baina maldan behera ez dira elkarrekin konpondu, eta zaldiak ihes egin die, Simon Yates zaldi azkarra baita.
Bitartean, tropelean, egurra. Mikel Landak Mur de Peguere mendateko zati gogorrenean jo du. Pantani gogoratua bezala, bizikleta helduleku azpitik hartu, zutik jarri, eta egurra. Jarraitu nahi nauena, saia dadila, mezua. Fulgsang-ek eutsi dio aurrena, baina gero lehertu egin du. Landak ez du zulo handirik ireki, 20 bat segundo, baina Marc Soler eta Andrei Amador, eguneko ihesaldian sartu diren morroien laguntza ona izan du beherakoan, eta Foix bitarteko sasi ordekan, eta minutu eta erdiko zuloa ireki du oilarrekiko. Yates, aldiz, 1.45era zeukan, eta aurretik, 11 kilometro gogor. Denbora kendu dio arabarrak britainiarrari lehen lau kilometroetan, minutu erdi inguru, baina ondoren ez. Ondoren Landa ahultzen, eta Yates eusten ari zela ikusi da. Atzetik Pinotek bizitu du erritmoa, eta Landa harrapatu helmugatik kilometro batera. Haren gurpilean, segundo dozena sorta bat irabazi du, behintzat. Landak.
Pinoten erasoak Alaphilippe liderraren ezina azaleratu du, lehen aldiz. Liderrak amore eman behar izan du, eta maillot horiari eustea lortu badu ere, Pinotek 1.22ko errenta kendu dio, eta sekulako bizi-poza eman Tourrari, Alpeetako hiru etapen atarian. Denak ibili ditu hankapean 'l'enfant terrible' frantziar berriak. Eutsiko ote dion ikuskizun, beti egun txarren bat izan duelako, baina izua sartu die, aurkari denei. Nagusian Alaphilippe-ek 1.35 kentzen dio Thomas-i, 1.47 Kruswiijk-i, 1.50 Pinot-i, eta 2.02 Bernal-i. Landa 7. postuan da, 4.54ra.
Bihar bigarren atseden eguna izango du tropelak, Nimes hirian, eta asteartean, etapa laua hiri berean.