Diktadura batean bizi izan gabe ere erraza da demokrazia batean hobeto bizitzen dela esatea. Tourrerako ere aplika genezake esaldi hori. SKY taldearen aginte makilaren pean bizitzera ohitu gara azken bost urtekoan, baina aurten aginte makila beste batzuek dute. Eta horrek ikaragarri handitu du Tourraren ikusmina. Ez baita izen bat edo biko kontua, Parisko maillot horia, bospasei lagunena baizik. Atzo Foix-ko mendietan ikusi zen gutxirekin lasterketa mila pusketetan hausten dela, eta aurretik dagoena ikusita, matematikako ariketarik zailenetan zailena baino konplikatuagoa da, gaur, Tourra nork irabaziko duen esatea. Asmatzen duenak, beraz, aberats.
Egitate bakarra, momentuz. Thibaut Pinot da tropeleko igotzaile onena. Tourmaleten eta atzo erakutsi zuen. David Gaudu taldekide finaren laguntzarekin aurkariak mugara eraman, eta gero azken kolpea eman. Bernalek bakarrik eutsi zion, baina kolonbiarra ere atzean utzi zuen azkenerako. Baina kolonbiarra horiko borrokatik baztertzea erokeria litzateke. Alpeetan Kolonbiako txirrindulariak hain ondo moldatzen diren mendate garaiak pasako dira, sei, denera, 2.000 metrotik gorakoak. 30 kilometro luze, hain zuzen ere. Pinot-ek ere zalantza sortzen du, itzuli handi gehienetan egun txar bat izan baitu, eta aurtengoa oraindik ez da iritsi. Agian ez da iritsiko...
Thomas-ek lantegi zaila du, itxuraz, ahuldade zantzuak eman baititu. Baina jarduneko garailea da, eta errespetua zor zaio. Kontuz Buchmann-ekin, jauzi kualitatiboa eman baitu, eta isil-isilik podiumeko borrokan sartzeko lehian sartu baita. Kruiswijk hautagai sendoagoa da, urte batzuk baitaramatza dagoeneko onenen olinpoko atea jotzen. Eta zer esan Alaphilippe-i buruz? Bere prestatzaile fisikoak esana da, d'Artagnan mosketariaren gabezia nabarmenena ordu erdiz haragoko igoerak direla, eta ostegun-ostiral-larunbatean horietako dozena erdi izango ditu oraino maillot horiari eusteko indarra erakutsi duen ziklista txikiak. Itxuraz, podiuma bera ere arriskuan eduki dezake, baina esandakoa: ezustekoz betetako Tourrean, ezin aurreikuspen ziurrik egin.
Zer esan Mikel Landa eta Alejandro Valverderi buruz? Quintana 'bihurriaren' oztopoa atzean utzita, mina egin dezakete urrunetik eraso eginda, atzo egin zuten moduan. Bost minutura daude biak, eta bost minutu hutsaren hurrengoa da Alpeetan egongo diren aldeekin konparatuta. Urrunetik erasotzeko moduko taldea duten bakarrak dira, gurditik tira egin dezaketen morroi langileekin. Lasterketako epaile izan liteke Movistar, gaur-gaurkoz podiuma nahiko zail badute ere. Ikuskizun Landak ez ote duen Giroko nekea sumatuko, azken aste honetan, historiak esaten baitigu sarri hala gertatu izan dela urte berean Tourraren aurretik Giroa korritu duten txirrindularien jardunean.
IBILBIDEA
Bihar etapa laua jokatuko da Nimes hiriaren inguruan, esprinterrentzako aproposa. Erne haize-babesekin, toki haizetsua baita Nimes-ko lautada. Asteazkenean Gap hirira iritsiko da Tourra, eta helmugatik 9 kilometrora Sentinelle gaina badago ere, ez da espero oilarren arteko borrokarik, denak indarrak gordetzeko lehentasuna izango baitute Alpeetako triptikoari begira. Zenbaki soilek beldurra ematen dute, honatx xehetasunak, etapaz etapa.
Osteguna 25
Tourreko etaparik gogorrena, zalantzarik gabe. 208 kilometro bukaezin, eta hiru mendate mitiko bidean: Vars, Izoard eta Galibier. 5.200 metroko desnibel positiboa, eta 16 kilometro 2.000 metrotik gora. Izoard da hiruretan gogorrena, eta Galibier luzeena. Biek ala biek dute ezaugarri berbera, mendatea bera hasi aurretik 12-15 kilometroko sasi ordeka dutela, eta bertan, funtsezkoa da gurditik tira egingo duten morroi finak edukitzea, oilarra, bakar-bakarrik, hustu egingo delako bakarrik badoa, alferrik. Galibier pasa eta Valloire-en bukatuko da etapa, 19 kilometroko jaitsieraren ostean.
Esteka: https://www.letour.fr/es/etapa-18
Ostirala 26
Alpeetako bigarrena, bezperakoaren erabat ezberdina. 126 kilometro baino ez, baina oso bihurria. 580 metrora hasten da, eta Iseran mendatetzarreko 2.772 metroak harrapatu arte, apenas izango du atsedenik tropelak. 3. mailako bi mendate, eta 2. mailako beste bat gaindituko dute, Iseran baino lehen. 13 kilometro eta %7.5eko batez bestekoa du Iseranek, azken 11 kilometroak 2.000 metrotik gora, oxigenoa urrearen salneurrian ordaintzen den eremuan. Jaitsi eta Tignes eski estazioan bukatuko da ostiraleko etapa, 7 kilometroko erremate latza.
Esteka: https://www.letour.fr/es/etapa-19
Larunbata 27
Triptikoaren azkena ere oso gogorra da, indartsuenaren kemena hausteko egokia. 130 kilometro baino ez, baina min handiena egingo duena, ziurrenik, esfortzu pilaketagatik. Cormet de Roselend mendate aspergarria da, 20 kilometro %6ra, atsedenerako batere tarterik gabe. Bigarren mailako beste mendate bat, ondoren, eta Val Thorens bukatzeko: 33.4 kilometroko malda, eta desnibela %5.5ekoa. Baina zer inporta du maldak, 34 kilometroko mendatean? Helmuga 2.365 metrora dagoenean? Ba hori. Duintasunez helmugaratzen dena, txapeldun.
Esteka: https://www.letour.fr/es/etapa-20
Erne eguraldiari, bero sapa iragarri baitute Alpeetako hiru etapetarako. 28-30 gradu 1.500 metrora, eta 20 baino gehiago gainetan, askoren erresistentzia hauts dezake giro erreak.