Nimes, Frantziako labea, uztailean, 36-38 gradu Erdikaldeko Mendiak eta Alpeen arteko bailara aberatsean. Tropela indarrak berreskuratuta, eta Alpeei begira. Alpeak eta Nimes inguruetan triskantza handi samarrak egiten dituen Mistral haize gaiztoari. Etapak halako ibilbide zirkularra egiten zuen atzo, eta tropelean agerikoa izan da tentsio puntu hori, batez ere azken 80 kilometroetan. Esprinterren taldeek ere lizentzia gutxi eman diote eguneko ihesaldiari. Espero bezala, etapa hasi eta berehala egin dute aurrera bost lagunek, baina berehala jarri dira lanean Jumbo-Vistako Tony Martin eta Lottoko Thomas de Gendt, boskotearen errenta asko handitu ez zedin, ondorengo jazarpen lana samurragoa izateko.
Ourselin, Rosetto, Wisniowski, Gougeard eta Ytting Bak, diktadura hausteko ausardia izan zutenak. Euren aukera %0koa zela jakitun. Bi minutu, tarterik handiena, eta tropelaren orroak beti kolkoan sentitzen. Ordekan, ordea, bost lagunek bultza egiten dute, eta iraun. Tropelari kosta egin zaio boskotea irenstea, eta helmugatik oso gertu lortu du. Bi kilometrora bueltarazi ditu bostak artalde nagusira. Azken zuzengunean Deceuninq-ek egin du lan txukunena, berriro, baina Ewanek, atzetik aurrera egin du sekulako abiaduran, eta bigarren etapa garaipena lortu. Viviani izan da bigarren, eta Groenewegen hirugarren. Alaphilippe-ek jarraitzen du lider.
Bihar 17. etapa jokatuko da, Pont du Gard eta Gap herrien artean. 200 kilometro, Alpeen atarira hurbiltzeko. Gap bukaera klasikoa izan da betidanik Tourrean, eta biharko bukaera ere bai, 2. edo 3. mailako mendate bat duena, helmugatik gertu. Col de la Sentinelle hautatu dute aurten, 3. mailakoa, eta ez da espero tropelean mugimendu handirik eragitea, batez ere etapa irabazteko borroka ihesaldiaren esku egongo delako, gauzak normal. Matthews-en Sunweb edota Colbrelliren Bahrein saia daitezke, esprinta bilatzen, baina lan zaila dute, txirrindulariak nahiko zigortuta doazelako dagoeneko.