Ihesaldia espero zen, eta hala gertatu da. Esprinterren taldeetako morroiak oso nekatuta daude, dagoeneko, Tourreko hirugarren astean, eta garaipen gosea duten talde eta txirrindulariak asko dira. Izen batzuk asmatzea erraza zen: De Gendt, Van Avermaet, Politt, Astanako Fraile eta Gorka Izagirre euskaldunak Fuglsang-ek etxerako bidea hartu ondoren, Herrada, Teuns, Nicolas Roche, Rui Costa... Horiek denak sartu dira noski, baina beste bi dozena ere bai, 33 laguneko tropel ikusgarria elkartzeko lasterketa buruan. Mollema, Trentin, Stuyven, EBH Boasson Hagen, Oss, Polstberger... Kostata egin dute bidea, Tourra gonbidapen bati esker korritzen ari den Direct Energie taldeak ez zuelako ihesaldian ordezkaririk sartzea lortu, eta astoa baino egoskorrago aritu dira 30 kilometroetan, tropeletik tiraka, aurrekoak ihes egin ez zezaten. Egoskor, baino alperrik, 33 lagun beti lau edo bost baino azkarrago joaten direlako.
Bi minutuko errenta aurrena, lau gero, sei, zazpi... Ordu laurden luzea helmugatik 40 kilometrora, tropelak lasai antzean egin baitu bidea 36 graduko bero sapari halamoduz aurre eginez. Garaipena ihesaldikoen artean erabaki behar zen, baina han kalitate eta izen handiko outsider piloa zegoen, zaindu beharreko gurpil mordoa... Eta Trentin izan da azkarrena, baina inork gutxik espero zuen moduan lotu du garaipena. Azken mendatean erasoa jota, esprintari itxaron aurretik. Bakarrik joan da, eta bakarrik helmugaratu. Alaphilippe-ek batere arazorik gabe eutsi dio lidergoari, tropela ia 20 minutura helmugaratu bada ere.
Bihar Alpeetako lehen etapa korrituko da, Tourreko gogorrena ibilbideari atxikiko bagina. 208 kilometro Embrun eta Valloire artean, lau mendate denera. Hirugarren mailako bat. lehen mailako Vars eta bi hors categorie edo maila berezikoak: Izoard eta Galibier. 16 kilometro oso 2.000 metrotik gora eta 5.200 metroko desnibel pilatua. Ihesaldia hartzeko muturrekoak ez, ukabilkadak egongo dira, baina oso litekeena da lehen mendatean egitea, azkar, 13. kilometroan baitago 3. mailako gaina: lau kilometro %5.2 pendizarekin. Apuntatu Simon Yates-en izena ihesaldirako. 50 kilometroko sasi ordeka dute Vars hasi arte. Vars-ek lehen galbahea egingo du: 9.3 km. eta %7.5eko batez besteko pendiza. Izoard eta Galibier-erainoko hurbiltzean ere 12-15 kilometroko sasi ordekak daude, eta horrek oilarrak Galibier-eko zati gogprrena iritsi arte ez mugitzea ekar dezake. Dena den, Izoard-eko azken bost kilometroak dira gogorrenak, La Casse Deserte paisaia desertikoa igaroko duten unea. %9tik gorakoak dira kilometro guztiak bertan, eta gehienak 2.000 metrotik gora. Toki aproposa Mikel Landak jotzeko, baina horretarako, funtsezkoa da lehenago sortuko den ihesaldian morroi sorta aberatsa sartzea. Borroka handirik gabe ere txirrindulariak natural belaunikatuko dira, hanka zuztarrak hutsik baitaramatzate askok dagoeneko. Pinot-ek dirudi indartsuena, baina Bernal bere eremu naturalean murgilduko da... Etapa ikusgarria, benetan, sofan eseri eta mugitu gabe irauteko, 11.30etatik aurrera