Gauza interesgarri gutxi gertatu dira Tourreko etapa erreginean... eta gertatu diren interesgarrienak arraroak edo ulertezin samarrak. Etapa garailea, hasteko, ezuste handia eman baitu Nairo Quintanak, oso etapa garrantzitsua irabaziz. Tourreko gogorrena, eta bakar-bakarrik helmugaratuta. Eguneko ihesaldian sartuta lortu du, oilarren alboan mantendu balitz nekez lortuko zuelako tamainako arrakastarik. Sartzea izan da zailena, eta behin sartuta, indarrak gorde ditu maisuki kolonbiarrak, Galibier azken mendateko malda tenteenetan aurkari guztiak atzean utzi eta garaipen ona lortzeko. Bardet eta Lutsenko izan dira ihesaldiko azkarrenak, Quintanaren ostean.
Hortik aurrera galdera asko utzi ditu etapak eta ulertzen edo azaltzen zailak diren egoera asko. Batez ere Movistar taldearen jarrera Izoard-en, tropela Deceuninq-ek gidatuta Quintana zihoan ihesaldiaren errenta gora eta gora zihoalako etengabe, eta beste taldeek ez dutelako lanean jartzeko borondaterik erakutsi. Movistarrek, baina, bi karta jokatu nahi izan ditu, eta biekin irabazi, baina hori oso zaila da, eta bidean geratu da. Etapa garaipena lortu dute, baina Quintana eta Landa podiumetik kanpo daudela. Hipotesi bakarra, honakoa: Landak Izoard-en egun onik ez zuela esan izana zuzendariari, bere iragarritako erasoa bertan behera geratuz. Kontua zera da, erabaki horrek zehar kalte larria eragin duela. Soler-en erritmoak 5 minutura murriztu duela ihesaldiaren errenta. Soler-en lan hori gabe Quintana lidergoan, edo lidergotik oso gertu legoke...
Oilarren artean ere dezepzio handia. Etapa erregina zen eta ez dira mugitu Galibierreko azken hiru kilometroetan sartu arte. Eta bakarra mugitu da, Egan Bernal. Eta jeloskor, talde taktika ulertezinean, Geraint Thomas bere atzetik abiatu da azken kikometroan, bere lana beste aurkariak zaintzea zenean... Thomas-en mugimendu horrek minutu erdi inguru kendu dio Bernal-i. igandean Parisen erabakigarria izan daitekeen errenta. Landa bezala, Pinot ere justu doa. Eta Kruiswijk, Buchman, Alaphilippe eta besteak. Baina d'Artagnan mosketariak beste egun bat pasa du, eta pasatzen dituen komeri gutxi horiekin maillot horia Pariseraino eramango du. 1.30era du Bernal, 1.35era Thomas, 1.47ra kruiswijk eta 1.50era Pinot. Quintana 7. postuan jarri da, 3.54ra.
Bihar Alpeetako bigarren etapa korrituko da, Saint-Jean-De-Maurienne eta Tignes eski estazioaren artean. 126 kilometro baino ez, baina lehen 90 kilometroetatik 70 maldan gora dira, Col d'Iseran mendatetzarra harrapatu arte, 2.772 metrora. Iseraneko azken 13 kilometroak %7.5eko batez bestekoa duta. Jaitsiera luzearen ondoren Tignes eski estaziora igoko dira, zazpi kilometroko aldapa laburra, baina 2.113 metroraino igotzen dena.