Kronika egile honek aspaldi entzun zuen, Palentziako mendialdeko artzainen ahotik, ze eguraldi espero zuten galdetu, eta "El tiempu? Al tiempu hay ke dejalu, no pues cambialu". Ba Tourrak, tradizio herritarreko esaera zahar hori ekarri du gogora. Sekulako euri eta kazkabar erauntsia bota du Val d'Isere Iseran mendateko jaitsieran, tropela pasa baino ordu laurden lehenago, eta horrek ASO antolatzaile taldea etapa bertan behera uztera behartu du, txirrindularien segurtasuna ziurtatua ez zegoelako. Zentzuzko erabakia, kronikako irudian argi ikusten baita errepideak arriskutsu zegoela, eta lur jausi erraldoi batek tropelak pasa behar zuen errepidea alderik alde estali duela. Antolatzaileek etapa bukatu eta ordubetera eman dute epaia: Ez a etapa garailerik izango, eta sailkapen nagusiari begira, zera erabaki dute: denbora ofizialak Col d'Iseran mendatekoak izanen direla, lasterketa bertan behera uztea erabaki baino 10 minutu lehenago pasa duten mendatean hartutako denborak, hain zuzen ere.
Zer esan nahi du horrek? Egan Bernal dela maillot horia, Iseran gainetik minutu inguruko aldearekin pasa delako Thomas, Kruiswijk, Landa eta Buchmannen taldearekiko, eta bi minutu pasako aldearekin Julien Alaphilippe-rekiko. Sailkapen nagusian kolonbiarra jarri da lider. 45 segundora geratzen da Alaphilippe, 1.03ra Thomas taldekidea, Kruiswijk 1.15era eta Buchmann 1.42ra. Lur jausia eta kazkabar erauntsia gertatu izan ez balitz zer gerta zitekeen asmatzea utopia bat da, mila faktorek izan dezaketelako eragina, baina eztabaidaezina dena zera da: lasterketa bertan behera geratu denean Bernal zela indartsuena, eta ezusteko edo txakalaldi handiren bat ezean, berea edo Simon Yates-ena zela etapa garaipena, lidergoa kolonbiarrarena. Egia da bospasei laguneko taldea Bernalen jazarpen txukuna egiteko gai zela, baina Iseranen gora geratu badira, bete-betean ez zetozenaren seinale.
Bernal bueltatu da, eta Team Ineos berarekin. Egun bakarrean! Baina nahikoa izan daiteke Tourra poltsikora dezaten. Etapa laburrak erotzeko moduko kontakizuna utzi digu. Egurra, egurra eta egur gehiago. Herenegun bezala, 40. kilometroan egin da eguneko ihesaldia, eta bertan ilustre asko sartu dira: Barguil, Nibali, Valverde, Rigo Uran... Bitartean, tropelean, lasterketako oilar harroenaren ezina eta amorrua ikusi dugu, Thibaut Pinot frantziarrak Tourra utzi behar izan baitu ezker iztarreko gihar bat hautsi ondoren. Haren malkoek Frantzia eta mundu osoko zaleak tristetu dituzte. Ineos-ek eta Deceuninq-ek ez diote tarte handirik eman aurrekoei, eta Poels eta Van Baarle morroiek terrenoa prestatu dute Thomas eta Bernalentzat, Iseranen. Thomas-ek jo du aurrena. Baina kale. Erasoa eta legitimitatea oparitu dizkio Bernal taldekideari, eta kolonbiarrak bai, kolonbiarrak denak utzi ditu atzean. Erritmora, eraso bortitzik gabe. Baina a ze erritmoa... Aurretik zihoazen denak harrapatu eta pasa ditu, eta Tignes-era bidean Simon Yates-ekin zihoanean, lasterketa geratu dutela jakinarazi diete. Maillot horiarekin oheratuko da, behintzat, eta gauzak normal, inork ez dio kenduko, bihar.
Bihar 20. etapa korrituko da, Albertville eta Val Thorens artean, eguraldiak kontrakoa esaten ez badu. 130 kilometro labur, eta hiru mendate. Cormet de Roselend lehen mailakoa aurrena, 20 kilometro luze %6ra, bigarren mailako Longefoy hurrena, eta Val Thorens ikaragarria ondoren. Ikaragarria 1.825 metroko desnibela duelako, eta 33.4 kilometro delako luze. Egia da batez-besteko pendizak samurra dirudiela, %5,5, baina media horretan dauzkan atseden eta jaitsiera txiki guztiak sartuta daude. Min handia egingo du Val Thorens-ek, baina Team Ineos-ek kontrolpean du lasterketa... eta Thomas-en matxinadarako tentazioa. Handia litzateke galestarrak Bernalen aurka egitea, liderra, eta sendoa taldekidea izanda. Gauzak horrela, podiuma lortzeko borroka handia espero da, eta txakalaldi arriskua handia da.