Triskantza Latza Mediterraneo itsaso pakeosoaren ertzean. Inork gutxik espero zuen halako borroka eta egurra, baina Puig de Llorença gainean Valverdek hasitako suak tropela txikitu du, eta erabat hautsita iritsi da Calp-eko helmugara. Mendatea jaitsi ostean Roche, Quintana, Roglic, Uran eta Mikel Nievek egin dute hanka, eta atzean lo edo ezinean geratu direnak ezin izan dute erantzun. Segundoek gora eta gora egin dute, eta helmugan 40 lortu dituzte. Etapa lortzeko borrokan, Quintanak aho bete hortz utzi ditu iheskideak, baita telebistaz proba jarraitzen ari ziren milaka zaleak ere, helmugatik hiru kilometrora zegoen aldapatxoan erasoa jo eta bakarrik joan baita garaipenaren bila. 'Hik jan, nik edan' egin du kolonbiarrak, eta iheskideen akordio falta baliatu, etapa dotorea irabazteko.
Nicolas Roche da lider berria, baina datu anekdotikoa da, erabat. Gehiago erreparatu behar zaie Roglic-ek, Uranek edota Aruk lortutako 40 segundoko errenta politari. Roglic eta Aruren kasuan, atzo taldekako erlojupekoan pilatutako atzerapena ezabatu dutelako, eta Uran-en kasuan, aurkari guztiak atzetik izango dituelako. Valverdek, tropela sutu ondoren, 40 segundo eman ditu, Lopez liderrak bezala. Kruswijk-ek 1.43 galdu zuen, Fulgsang eta Ion Izagirrek bezala. Poelsek eta Marc Solerrek 10 minutu galdu dituzte, eta agur esan Vueltari. Mikel Iturria urnietarra hirugarren multzoan helmugaratu da, 1.43ra.
Bihar hirugarren etapa korrituko da, Ibi eta Alacant artean, 188 kilometro eta esprintean bukatzeko modukoa, bidean hirugarren mailako bi mendate erraz bakarrik daude.