Eta ni, eta gu, eta zuek, eta Urnieta osoa. Alkatea bera ere bai, pentsa! Eta Euskal Herriko jende asko. Haserre egongo ziren bakarren batzuk, noski: Howson, Craddock, Cavagna bera… Lastrak ere motiborik bazuen, bigarren helmugaratu baitzen Urdazubin, baina Bilbokoak Mikel Iturria zoriondu zuen: “Chapeau!. Merezita lortu du garaipena”.
Urdazubi. Mikel Iturriak mundu hau utzi arte gogoan izango duen herrixka. Igual erratuko naiz, baina urnietarrak bere kirol ibilbidean lortuko duen garaipenik distiratsuena izango da. Espainiako Vueltako etapa bat!. World Tour mailako 18 talde eta maila bikaineko 150 txirrindulariren aurka. Txikiak handia jaten duen utopia horietakoa gauzatu zuen Mikelek. Eta kirol lorpenak are gehiago ederresten dituen ezinbesteko osagaiarekin: epika.
Epikoa izan baitzen Iturriaren garaipena. Ahulenaren, edo ahulenetakoaren matxinada. Ondoan zituen zaldien oinkadei eutsi ezin, baina amore eman ez. Inoiz ez. Eta ausartu. Eta sufritu, hortzak estutu, errezatu, amets egin. Etxetik lanera abiatu nintzenean, Iturria jokoz kanpo zegoen erabat, etapa garaipenetik oso urrun. Urnietatik Miramonera doan tartean 44 mezu neuzkan watsapean. Ze kristo? “Hor ziek!”. “Daleeee!”, besteak. “Garrote batean ziek!”, hurrenak. Erredakzioko telebistan, Mikel ihesean, bakarrik. Trantzea. 45 segundo. Goazen! 30 segundo, 17 kilometro. 15 segundo, 10 kilometro!”. Jodeeerrrr! Eta Dantxarineko biribilguneetan Howson egurrean, bultza eta bultza. 1.500 metro loriarako, baino zer, zenbat segundo? Lau? Bost? “Akabo!
“Etapa hau galtzen badik hondoa jo eta ez duk errekuperatuko!” pentsatu nuen niretzat… Baina miraria egin zen. Maldan behera egiten zuen azken kilometroak. Eta iritsi egin zen. Eta ospatu. Eta kazetarien mikrofono goseari eutsi. Eta podiumera igo! Gero prentsaurrekoa, zorion mezuak, afaria, txanpaina, etapa errepikatua ikusi gauean, logelako telebistako intimitatean. Asteazken goizeko Mikel Iturria eta ostegun goizekoa erabat ezberdinak izango dira. Ez dut nik esaten, Antonio Alix Eurosport-eko esatariak esan zuen: “Te va a cambiar la vida, chaval!”.
Euskadi-Muriasek tropelean jarraituko duen ez dakigu, merezimenduak sobera egin baditu ere. Mikel Iturriak 2020an tropelean tokia izango ote zuen ez genekien. Orain badakigu. Izango du, egon lasai. Vueltako etapa batek etorkizuneko laino beltzak txistu batean eramaten ditu. Eta ni, gu, asko, bera animatzen izango gara, doan tokian. Picon Blancon, Neilan, Arraten, Dolomitetan... Saiatzen direnei, sufritzen dutenei animatzen. Beti. Iturriak gorriak ikusi dituelako, eta infernutik pasa denak zeruan gehiago gozatzen duelako. Afizionatuetara bueltatu zenean, adibidez. Edo bi urte atzera, Limousingo Tourrean izterrezurra hautsi eta 59 puntu eman zizkiotenean. Hilabete luzeak egin zituen bizikletan berriro minik gabe ibiltzeko.
Asteazkena, etapa irabazi eta gutxira. Telefonoz deia, Iturriari, Euskadi Irratian bere hitzak biltzeko: “Zorionak!”, nik. “Esan nian, ondo nengokeela”. Desio bat, bukatzeko. Igandean, Madrilen, parranda handia bota dezatela, Iturriak eta taldekideek, lanak ondo egin baitituzte. Eta indar apur bat gorde dezala Urnietan egingo diogun omenaldi berorako. Bere izena hizki larritan gordeta geratuko da gure herri txikiko historia aberatsean.