1995eko ekainean Leioako campus-eko bisitak oso urriak zirenean, Miguel Indurain handia bere bosgarren Tourra irabaztear zen. Ni eta 1995 urtekoak Indurainen kintako kazetariak gara. 25 urtek askorako ematen dute. Bi hamarkada eta erdi atzera kazetaritza erronka, aukera zen, lana bazegoen. Egun nabarmen konplikatu da egoera, kazetari jardunean orokorrean.
Ikusi eta ikasi genuen, eta bidea egin. Telebistan ikusten nituen idoloak elkarrizketatu ditut, prentsa idatzian trebatu, ahozkoan zaildu, eta egunerokoan onartu hau ez dela ofizio samurra. Polita bai, samurra ez. Bizkarreko asko hartzen dira, muturrekoak ez direnean, eta horiek gestionatzen ere asmatu egin behar. Pasa den astean espero ez nuen egoera zail bat gestionatu behar izan dut, nire erruz. Zehar kalte bat, ulertze aldera. Baina gorputzaldi txarrarekin nago orduz geroztik. Asuntoa erdizka utzi izan banu bezala, eta egoera tenkatuta geratu izan balitz bezala, zer egin ez dakidala. Edo zerbait gehiago egitea komenigarria ote litzatekeen ez dakidala.
Beltz eta zuri zaleak gara gure herri txiki honetan. Gehiegi. Gara esan dut. Ni ere bai sarri. Batekin bazaude, bestearen kontra. Eta nazka apur bat ematen dit egoera horrek. Zer esanik ez espero ez diren zehar kalteak sortzen direnean. Hurrengo asteartean Euskadi Fundazioak aurkezpen ekitaldia egingo du San Mamesen. Errepidera jauzi egin aurreko azken ekitaldi ofiziala. Han izanen dira Urnietako bi mutilak, lagunak: Mikel Iturria eta Mikel Alonso. Baita harreman ona dudan beste asko ere. Suerte denei, suerte proiektuari, haz daitezela eta eman diezazkigutela poz asko errepidean. Euskal Herria zerbait bada, txirrindulari herria da, eta nik euskal txirrindulari talde profesional bat ikusi nahi dut errepidean, munduko lasterketa onenetan. Kolore berdekoa edo laranjakoa izan.
Koloreak aipatu ditut, berdekoa izateak laranjaren aurkakoa zarela esan nahi baitu batzuentzat. Euskadi-Murias taldea hauspotu dut eskura nituen baliabideekin, publikoki: prentsa idatzian, mikrofonoetan, sare sozialetan. Sinesten nuen proiektu hartan. Baina itzali da. Babeslerik gabe geratu zen udazkenean eta agur. Itzali da, baina itzalarazi zutela, edo hiltzen utzi zutela esan nuen bere garaian. Eta hala pentsatzen segitzen dut. Baina hori esan edo pentsatzeak ez du esan nahi kolore laranjaren kontra nagoenik. Babestuko dut Fundazioa, babestuko ditut mutilak, babestuko dut euskal txirrindularitza.
Kazetari jardun, baina sentitzen denak, ezin du izaera kritikoa alboratu. Inoiz ez. Kazetariak zerbait behar badu kritiko izateko gaitasuna da. Errespetuz, beti, eta argudioz beteta, ahal den oro, baina kritiko. Erratzeko eskubidea baitugu denok. Bai behintzat borondate txarrik gabe egindako akatsak baitira. Bestelako kontua litzateke borondate txarrez jokatzea, kazetaritza bera mugatzen saiatzea, nola esan suabe, joko zikina eginez. Joko zikinak zehar kalteak sortzen baititu, eta zehar kalteek espero ez diren egoera deserosoak sortu. Horiek kudeatzen ere ikasi egin behar da.