Nire asteburuaren hasiera ostiral eguerdian kokatuko dut. Bizikleta hartu eta Goizuetara joan nintzen. Bueltan, Ereñozutik aurrera nekea sumatu nuen, etxera iristeko gogoa. Hernanitik Urnietara bueltatzeko hainbat bide erabiltzen ditugu. Azkarrena, trenbide ondotik doana, baina zerrategi zaharreko aldapa gaiztoak indartsuena ere koldartzen du. Elizatxotik Larramendira, eta handik kanposantuko irteerara, bestea. Han semaforo bat dago. Ba hantxe istripua izan nuen. Muturreko latza, motor baten aurka.
Talka egin genueneko argazkia dut iltzatuta. Oihu egin eta txokea. Eta gero mina. Konortea galtzetik gertu. Eta istripua ulertzeko komeriak. Amorrua, hasiera batean, motorreko gidariarekin. Barkamena eskatu zidan, gero. Eskerrak eman nizkion. Enpatia apur bat sentitzen saiatu, bera ere zauritua edo urduritu egin zitekeela pentsatuz. Elena Santervas urnietarrak lagundu ninduen, etxekoei deitzen, nire gauzak jasotzen. Enpatia handia harekin. Institutuko irakasleren batekin ere bai. Nor zen ez dakit. Bizikleta, eskularruak eta beste hartu eta institutuan utziko zituela esan zidan. Enpatia.
Zer esan datuak hartu zizkidan Hernaniko udaltzainaren pazientziaz. Edota anbulantzia eta Larrialdietako langileei buruz. Erregearen pare zaindu ninduten. Enpatia. Ostiral gauean argazki deigarri bi jarri nituen sare sozialetan. Oihartzun handia izan zuten. Eskertu baino ez, denen animoak. Enpatia handia, haiekin ere. Arreba eta koinatuarekin. Izeba eta lehengusuekin. Errugbi partidara eraman ninduten koadrilako lagunei. Xiker eta Mikeli, igandean Anoeta inguruan pasa genuen egun zoragarriagatik.
Anoetako harmailetakoa azken aurrekoa. Bultzada txuriurdina gazte zale talde soinutsuaren goialdeko harmailan, aspaldiko bi ezagun. Elespetarrak. Andoni eta Josu. Edota Josu eta Andoni. Ni baino lau ilara beherago. Besarkada bana eta solasaldi polita erretzaileen txokoan, atsedenaldian. Urte luzeetako zorra biekin. Nola esan, enpatia falta, Xauxar tabernan gaztetan milaka ordu elkarrekin pasa ondoren. Noizbait etorriko den, etorri behar duen solasaldi baterako intentzio zintzoarekin agurra.
Etxera bidean, azken aurrekoa. Kobe Bryant NBAko izar izandakoaren bat-bateko heriotza, helikoptero istripuan. Michael Jordan eta Kobe bera ikusten hazi eta hezi ginen saskibaloi zale asko, eta mitoen heriotzak beti samurtzen ditu bihotzak. Twitterren irakurritako txioa: “Gorroto nuen Kobe, gorroto nuen Lakers taldea, nire gogoko taldea menderatzen zutelako beti. Baina nire familiako kide bat galdu izan banu bezala sentitzen naiz. Saskibaloia da, bere jendea, pozoi hori zainetan sartzen dizute, eta pozoi hori betirako geratzen da zure zainetan”. Enpatia, Kobe Bryantekin.
Gaur goizekoa, azkena. Gosaltzerakoan. “Hainbeste putakume munduan, eta Kobe hil behar ere…”. Kobe Staples Center kantxan jokatzen ikusi zuen urnietar bakarretako batek esana. Enpatia.