Bart gauean lankide bat, realzale sutsua bera, malkotan sumatu nuen Mirandako partida bukatuta, pozarren Realak egindako balentriarekin. Watsap taldeak sutan, Mirandan ziren lagunak pozarren… Umetan, eta gaztetan, Realeko bazkide izan nintzen ni neu ere. Atotxako etxe orratz azpiko bezero, hamabostero.
Zaragozan kale egin nuen, arrazoiaz ez naiz oroitzen. Luis Arconadaren keinu famatu hura telebistan ikusi nuen. Geldiketa dotorea eta eskuin besoa gora. Baina 1988an Madrilen izan nintzen. Joseba Kortajarena lagunarekin batera autobusa hartu Andoainen, eta Madrilera. Galdu egin zuen Realak, Bartzelonaren aurka. Andoaingo apeaderora iritsi eta egunkariak “Esta vez no pudo ser”, esaten zuen lerro buru handi batek. Ez zait inoiz ahaztuko.
Realaren 32 urteko lehorteak beste kirol bide batzuetatik eraman nau. Gasteiz eta Baskonia aldera, ia beti. Miarritzeko errugbi taldera, beste batzuetan. Realaren bidea ere jarraitu dut, noski, baina zaletasuna beste kirol talde batzuekin partekatuta. Apirilaren 18an, baina, ez diot hutsik egingo Realari. Sevillan izango naiz, ziur. Tren billeteak eskuan ditut, Sevillako ostatua ere ziurtatua. Sarrerarik lortuko ez dudala jakitun, ez bainaiz bazkide, baina zale taldeen gunean parranda egiteko gogoz, alboan izango ditudan parranda zale petoekin. 32 urte! Belaunaldi oso bat! Sevillakoa Zaragoza eta Madrilgo beteranoei zor zaigun finala da.