Nazka ematen dugu; dute

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko mar. 21a, 13:49

Nazka ematen dugu. Madrilen, eta akaso laster Euskal Herrian, ni baino zaharragoak direnei arreta medikurik eskaini ez eta hiltzen utziko ditugulako. Tristea.

Nazka ematen dugu, egunero behar dugun ogia erosteko orduan konfinamendu arau zorrotzak saihesten saiatzen garelako. 2.300 isun jarri ditu Poliziak, eta 61 lagun atxilotu, azken astean. Penagarria.

Nazka ematen dugu, jai egunak etorri, eta ezer pasako ez balitz bezala, gure bigarren etxera edo opor tokira joan beste burutaziorik ez daukagulako.

Nazka ematen dugu Covid-19 Coronavirus gaitza gutxietsi eta katarro arrunt baten pare jarri genuelako. Ni neu denetan lehena. Gaur damutzea alferrikakoa da.

Nazka ematen dugu bi aste etxean isolatuta pasatzeko adorerik ez dugulako, erosotasun ia guztiak esku-eskura baditugu ere.

Nazka ematen dute jendartearengan eragina eduki zezaketen neurriak hartzeko determinazio eta ausardiarik erakutsi ez duten arduradun politikoek.

Nazka ematen dute osasuna bigarren mailan utzi ez eta kapitala arduragabe lehenetsi duten arduradun politikoek. Produkzioa mantentzeko eskaerak egin dituztelako egunero, ehunka langileko enpresen jarduna baimendu, langileen osasuna bermatzeko neurririk hartu gabe.

Nazka ematen dute Munduko Osasunaren Erakundeak erabateko konfinamendua agindu, eta “momentuz ez gara hain egoera larrira iritsi”, erantzun zuten arduradun politiko gorenek.

Nazka ematen dute osasun eta krisi sozial hau aldarrikapen eta irizpide militarrak inposatzeko erabaki dituzten arduradun politikoek. Ez dira soldaduak behar, medikuak behar dira.

Nazka ematen dute sintoma arinak dituzten herritar mordoari test-ak ez egiteko erabakia hartu duten arduradun politikoek. Ematen dituzten kopuruak ez dira errealak, eta kutsatuak zifra ofizialak diotena baino askoz gehiago dira. Errealitatea gordina eta egoskorra da, ezin da ezkutatu.

Nazka ematen dute azken hamarkadan arduragabe osasun publikoko giza baliabide eta bitarteko materialak murriztu dituzten arduradun politikoek. Kasu askotan osasun pribatuaren mesedean.

Nazka ematen dute euren burua pribilegiatutzat hartu, eta osasun pribatuaz baliatuz test-ak egin dituzten aberatsek, behar handiagoa eduki zezaketenak alboratuz.

Nazka ematen dute lanera joateko etengabeko deia egiten duten enpresariek. Edota milaka milioi euro irabazi, eta coronavirus-agatik behin-behineko lanaldi erregulazio txostena eskatzen dutenek, soldatak denon zergekin ordain daitezen.

Nazka ematen dute.

Nazka ematen dugu.

 

#gerazaitezetxean

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!