Erremontea

Erremontea berpizten

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko uzt. 17a, 10:00

Goikoetxea, Barrenetxea eta Ansa Galarretan

Endika Barrenetxea erremontista gidari dela, erremonte eskolak gero eta gazte gehiago erakartzen du; Galarretako harmailak ere gero eta gehiago betetzen ari dira. Larunbat honetan jokatuko da 50. urteurreneko txapelketako finala.

Izan ziren garaiak, non Galarretan eserlekua lortzea ezinezkoa zen. Pilotalekuko harmailak bete egiten ziren, eta apustuetan mugitzen zen dirutza ikaragarria omen zen. Pasa den mende bukaeran izan zen hori. Gizaldi aldaketarekin Galarreta eta erremontea itzaltzen joan ziren urtea joan, urtea etorri: zale sorta apala harmailetan, oihartzun gutxi komunikabideetan… Endika Barrenetxea erremontistak pilota diziplina horren egoera iraultzea erabaki zuen arte.

Hernaniarra bi urte atzera hasi zen oinarriak jartzen: erremonte eskola berpizten. Honatx, azken hamarkadetako bilakaera, bere ahotan: “Badago halako zurrumurru bat, hemen oso erremontista onei bakarrik egiten zitzaiela lekua, eta neurria ematen ez zutenek, ez zutela beste aukerarik. Horri buelta eman diogu. Ate irekien jardunaldiak egin ditugu azken bi urteetan, eta horietan beti erremontista ezagunenak egoten dira, Urriza, Ansa II., ni neu, ikasle berriak engantxatzeko. Aurten ere egin behar genuen larunbateko binakako finalean, baina pandemiagatik ez egitea hobetsi dugu azkenean, xesto eta pilotak desinfektatu behar baitira erabili aldiro. Trukean, finala ikustera etortzen diren 30 urtetik beherako ikusle guztiei halako diploma bat emango diegu, astelehen, asteazken eta ostiralero klaseak ematen ditugula jakinaraziz, Kike Elizalderekin, eta gurekin kontaktuan jartzeko bideekin”.

Klaseak eta materiala musu truk dira. Ikastaroen antolatzaileek eskatzen dituzten gauza bakarrak kaskoa eta federatu txartela egitea dira. “Lehen eskola Andoainen jarri nahiko genuke”, dio Barrenetxeak. “Maila handiena duten gazteak Galarretara etorriko lirateke, eta ikasten ari direnak Andoainen geratuko lirateke. Guzti hori Kike Elizalde erremontista ohiak erabakiko luke, bera izango baita hasi berrien irakasle”. Zergatik, bada, Andoain? “Andoainek betidanik babestu izan du asko erremontea, ni afizionatua nintzenetik, eta uste dut zor diegula orain han beste eskola bat sortzea. Arrate frontoia, gainera, egokia da erremontearentzat, horma eta pinturagatik”. 16 gaztek eman dute baiezkoa erremonte eskolan ikasten hasteko, oraingoz.

Harmailetan ere jende gehiago ikusten da azken aldian Galarretan. Pasa den larunbateko finalerdian 220, 230 lagun pasa ziren txarteldegitik, gonbidapenekin eta 270 bat lagun batu ziren. Finalari begira, “betetzetik gertu egotea espero dugu, pandemiak uzten digun aforoa”, dio Endikak, eta desio bat bota: “Espero dut eskaera guztiak onartzeko modua edukitzea, eta inor kanpoan ez utzi behar izatea”.

“Gutxirekin asko ematen duen kirol jarduera da”

Erremontea saltzeko eskatu diogu Endika Barrenetxeari, eta begiek dir-dir egin diote: “Euskal pilotako diziplina guztien artean dinamikoena dela esango nuke. Ahalegin gutxirekin halako tamainako pilotaleku bat dominatzea, nagusi sentitzeak asko betetzen duela esango nuke. Galarretan eskuz bi koadrotik ez zinateke pasako. Palan, lau koadrotik. Erremontean, 10. koadroan jarri eta dominatzen hasiko zinateke, 8-10 orduko trebakuntza osatu ostean. Menperatzen duzula jabetzen zarenean, lotu egiten zaitu erremonteak erabat”. Hori bai, erabakigarria omen lehen 8-10 ordu horiek irautea, ez etsitzea. “Gorputzak barneratu egin behar ditu kolpeak, pilotaren abiadura, beldurra, nola jokatu kolpe jakin bat edo beste eman behar duenean”.

Larunbatean bukatuko da bikotekako txapelketa, baina buruz-burukoa azkar iritsiko da, abuztuko lehen asteburuan. Finala, aldiz, iraileko azken larunbaterako aurreikusten da. 15 erremontistek parte hartuko dute, koadroko denak. Txapelketa hori ere ETBn jarraitu ahal izango da. Funtsezkotzat jotzen du Barrenetxeak telebista, “ikusgarritasuna, sinesgarritasuna ematen baitizu. Ezagutzen zaituzte, eta telebistarik ez badago, ez”. Binakakoan berrikuntza batzuk sartu dituzte, Go Pro kamara delakoa, eta efektu polita sortzen du, batez ere jokaldiak errepikatzen dituztenean. Erabiltzen jarraituko dute aurrerantzean, baina kontuz ibili beharreko tramankulua dela ohartarazten du Barrenetxeak, batez ere garestia baita. Guk erabiltzen dugun kamerak eta transmisoreak diru asko balio dute”.

Erremontea urnietarren begietan

Julen Loitegi, ikasle hasi berria:

“Trinketean nenbilen, eta arantza neukan aspalditik, erremontea probatzeko, Imanol Ansarekin aritzeko. Hasi naiz, eta gustatzen zait. Trinketeak aukera ematen dit bi diziplinetan aritzeko, eta gustura ari naiz”.

Ander Goikoetxea, erremontista profesionala:

“Debutatu nuela bost urte dagoeneko. Eskuz ibiltzen nintzen, baino minez, arazoak, eta erremontean hasi nintzen. Talde giroa ona da, eta hobekuntza modu naturalean etortzen da. Binakakoan Endika Barrenetxearekin asko ikasi dut, jartzen, partidak prestatzen. Kosta egiten da lehen pausoa ematea, baina etorri eta probatuta, lotu egiten zaitu. Kirola oso ikusgarria da”.

Imanol Ansa, erremontista profesionala:

“Gutxi eskatu eta asko ematen duen kirol diziplina da. Mikel Alonso Euskadi Fundazioko txirrindularia koadrila kide dut, eta hark sekulako ahalegina, prestakuntza egiten du lehiakor izateko. Esker gutxiko kirola da txirrindularitza. Erremontistak segituan hartzen dio neurria, pausoak eman aurrera, eta jokatzen ikasten duzunean sentsazioak ikaragarriak dira, pilota ze abiaduran irteten den xestotik. Sentsazioa ikaragarria da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!