Jumbok agindu, Roglicek errematatu

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko ira. 1a, 18:01

©rtve

Herbehereetako taldeko Wout Van Aert eta Sepp Kuss morroiek ezinezko egin dute eraso oro, bere liderraren mesedean

Gustatuko zaizu, edo ez, baina hauxe da, dagoena. Roglic da azkarrena Orcieres-Merlette bezalako ailegaera pikoetan, eta garaipena ziurtatzeko behar duen gauza bakarra taldekideek inork ez erasotzea da, buruan erritmo itogarria jarriz.

Wout Van Aert hasi zen. %7ko maldetan 27-29 kilometro orduko abiadura. Jendea justu, onenekin irauteko ere komeriak. Van Aert kendu eta Sepp Kuss jartzen bada, oilarrak dardarka!! Durango Kid-i inor ez zaio parean jartzera ausartzen, eta erasoa jotzea, utopia da. Ezinezkoa!!!

Guillaume Martin izan zen ausartena, saiatu zen bakarra, baina Roglicen bideratzaile perfektua izan zen. Frantziarraren atzetik abiatu zen esloveniarra eta aise nagusitu zen Pogaçar eta Alaphilippe-en aurretik. Roglicek eta Jumbok abisu garbia eman diote tropelari: guk agintzen dugu, segi gure gurpilaren arrastoan. Gustatuko zaizu edo ez, baina hauxe da dagoena.

Bihar bosgarren etapa, 186 kilometro lau Privas arte. Bi muino bukaeran, eta azken kilometroak gorantz!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!