Ez da gauza askorik behar batzuen kemena eta besteen miseriak azaleratzeko. Peyresourdeko bederatzi kilometroko aldaparekin nahiko. Tropelak oso oso lasai egin ditu etapako lehen 100 kilometroak, 13 laguneko ihesaldiak ia ordu laurdeneko errenta har zezala baimenduz. Bales-en gora hasi da giroa berotzen. Jumbok Van Aert deabrua jarri du buruan, eta lehen estualdiak espero ez zen biktima eragin du: Thibaut Pinot. Frantziarren azken urteetako itxaropena, maillot horia eskuratzeko duten txirrindulari osoena, berriro ere galtzaile, mundua galduz helmugan. Peyresourde-en gora hasi da kalbarioa askorentzat. Tom Dumoulinek estutu egin ditu Roglicen aurkarien hauspoak, eta triskantza eragin. Bardet atzera aurrena, Yates gero... Pogacar, aldiz, oso ondo, saiatzen eta erritmo aldaketak erraz egiten. Roglic bere herrikidearen lehen erasora irten da, baina bigarrenera ezin. Ezin, edo ez du nahi izan, geroxeago, Peyresourde-eko azken kilometro erdian aise itxi baitu Quintanaren erasoa, eta Porte eta Landak zeramaten 200 metroko zuloa.
Pirinioetako lehen etapa osteko balantzea egin beharko bagenu, notak jarri, hauxe litzake txostena. Pogacar oso ondo dago eta Roglic-ek estu zaindu beharko du. Roglic-ek, dena den, talde indartsuena eta hirugarren asteko kronoigoera ditu alde. Jumboko liderra ere oso sendo dago. Quintana eta Landari ere fresko sumatzen zaie, kolonbiarrari hobexeago. Outsider multzo horretan sar genezake Guillaume Martin ere, sentsazio onak erakusten ari baita Cofidis-ekoa. Hortik aurrera, dudak. Bernal ez dago ondo, Yates eta Bardet gutxiago dira, eta Miguel Angel Lopez ere ezkutu antzean ibili da. Atzo ondoen ibili zirenak baino apalago. Hor dago pokerra, baina analisi hori etapa menditsu bakarra jokatu ostean egindakoa da. Itxura du, etapa gogorretan 'tabloi' edo txakalaldi handi samarrak ikusiko ditugula faboritoen multzoan, bihar ere bai.
Oilarrez aparte beste etapa bat jokatu da, eta bertan Nans Peters, Ag2r taldeko grenoblearra izan da indartsuena. 12 lagunekin batera ihes egin, eta sufritzen jakin izan du Port de Bales-en, bera baino igotzaile hobeagoa den Ilnur Zakarin errusiarraren alboan. Peters-ek Bales jaisten eman du kolpea, Zakarin 40 segundora atzeratuta. Kolpea eman, edota CCC taldekoaren baldarkeria baliatu, Zakarin tropeleko txirrindulari txarrenetakoa baita mendateak jaisten. Bere jarrerak, bihurguneak emateko moduak beldurra eragiten du ikusleen artean, eta hamarkada oso bateko kirol ibilbidearen ostean maldan behera halako komeriak erakusteak zer pentsatua ematen du. Zakarinek maldan behera galdu du bere ibilbideko garaipenik onena.
Sailkapen nagusian buruari eutsi dio Yates-ek, baina maillot horia zulatzen hasi zaio. Bihar komeriak izango ditu, eusteko. Lasterketa bera asko ireki da, mendate bakarrak hainbat albo kalte eragin dituelako. Pinot ez dago, dagoeneko. Bernal bai, badago, baina egon gabe. Landa, Martin eta Quintana zesuman daude, ondokoa nola zigor dezaketen aztertzen. Eta besteak irauten. Jarri zerrenda horretan Lopez, Bardet, Buchmann, Uran eta beste. Hori gaurkoa aintzat hartuz. Biharkoa asmatzen duenak, aberats!
Bihar Pirinioetako bigarren etapa jokatuko da, Paue-Laruntze, 153 kilometrokoa. Gaurkoaren antzeko egiturakoa, baina gogorragoa, orokorrean. Tourrak sei bat kilometro egingo ditu Zuberoa eta Biarno artean, jauzika, Isarbeko Bidea eta Garate Lepoaren artean. Hourceres edo Issarbeko bidea oso mendate gogorra da, 11 kilometro ia %9ko pendizarekin, eta Soudet bera, motza baina pikoa. Arette eta Escot lotzen dituen bidea eginen dute ondoren, eta bukatzeko Marie-Blanque infernua. Quebrantabuesos zikloturista klasikoa egin duen orok badaki zer dagoen han... Lau kilometro oso ia %12ko pendizarekin. Gaur baino askoz min handiagoa egingo du biharkoak.