Esprint dotorea erakutsi du Poitiersko bukaera bihurriak. Ingelesez tricky hitza erabiltzen dute ziklistek, eta Caleb Ewan garaileak halaxe definitu zuen ailegaera goizean, etapa abiatu aurretik. Asmatu, gainera, bete-betean. Australiar txikiak azken gerri kolpe indartsuari esker gurutzatu du helmugako marra aurrena. Txikiena da tamainaz Ewan, baina potentzia latza dauka hanka pelotetan. Antolatzaileek kilometro erdiko aldapa bi jarri zituzten etapa hondarrean, eta horrek nahastu egin zuen erabat ohikoa den esprinta, bideratzaileak funtsezkoak diren esprinta. Garaipenaren lehian egon zen laukoteak bere kabuz bilatu behar izan zuen tokia, azken indar gramoa, eta jardun horretan Ewan moldatu da ondoen.
Zer kontatu gutxi eduki du, bestelakoan, etapak. Ladagnous-en ihesaldi antzua, eta kito. Ion izagirre erori egin da, eta Ormaiztegikoak erretiratu egin behar izan du, lepauztaia hautsita. Aurrerantzean esprintak asko urrituko dira, ihesaldietarako aproposak diren etapa gorabeheratsuak baitatoz. Biharkoa, kasu: Chauvigny-Sarran, 218 kilometro luze, lau mendate, eta goranzko joera daukan ageriko bukaera.