Kirolak errukirik ez duela esaten genuen pasa den igandean, Laruntzeko helmugan. Orduan ere etapa bikaina egin zuen Marc Hirschi gazteak, baina balentria ikusgarria osatzear zela, helmugatik kilometro eta erdira bere ametsa zapuztu zuten Tourreko oilarrek. Lau egun geroago kitarakoa hartu du Hirschik, eta Isarbe, Soudet eta Marie-Blanque-en bezain handikiro. Erasoa jo, bakarrik hanka egin helmugatik 30 kilometrora, eta jazarpenean aritu ziren guztiak nekarazi. Hirschik maldan gora egin du ihes, Marc Solerren moduko igotzaile petoa erreta, eta pixkanaka errenta handitzen joan da. Julian Alaphillippe erotzeraino saiatu da suitzar txikiari zuloa jaten, baina ez du modurik izan. Tropela, ordurako, amore emanda zen. Hirschik 40 segundoko errenta erosoarekin hasi ditu azken 1.000 metroak, eta garaipena ondo gozatzeko aukera izan du.
Hirschi bikain, eta Sunweb taldea ere ikusgarri. Txirrindularitza eskolak baleude, talde horrek etapa aurretik arbelean marraztutako plangintza erakutsi beharko litzateke. Gauzak nola egin behar diren, taldeko ziklista onenaren erasoa nola prestatu behar den, pieza guztiekin. Jakina, Hirschi-k motor handia dauka, estrategia on bati errematea emateko derrigorrezko baldintza. Suitzarrak, baina, ez zuen etaparik irabaziko bere taldea bere mesedean aritu izan ez balitz. Benoot eta Kragh Andersen-ek piztu dute sua etapako azken aurreko mendatean. Erasoa egin eta Bora eta CCC-ko morroiak erre dituzte. Bikote horren ahaleginak sortutako seikoteak 20 bat segundoko tartea ireki duenean egin du aurrera Hirschik, tropeletik. Sunweb-eko hirukoteak bat egin ostean tartea minutura joan da tropelarekiko. Bigarren mailako mendatean bakarrik saiatzea erabaki du Hirschik, eta elkarri begira utzi ditu Soler eta Scachmann. Atzetik Deceuninq-eko Devenyns, eta batez ere Alaphilippe saiatu dira, baina Nizan ez bezala, zaldiak ihes egin zion frantziarrari. Nabarmentzekoa, azkenik, Hirschiren Nicolas Roche taldekideak jazarpenean zihoan taldean egin zuen zaintza lan bikaina. Lan aparta Sunweb taldearena.
Hirschik zale askoren babesa sentituko zuen, merezi zuelako garaipena. Gauean taldekideekin xanpain botilaren bat hustuko dute, ziurrenik. Bakarra, bihar beste etapa aproposa izan baitaiteke Sunweb taldearentzat. Etapa gogorra da, benetan 13., Tour guztian desnibel metatu gehien duena, 4.400 metro denera, beraz adi. 192 killometro Erdikaldeko Mendatean, atsedenik gabeko errepide gorabeheratsu eta nekagarriak, estuak sarri. Zazpi mendate daude, lehen mailako bi, bigarren mailako beste bi, eta hirugarren mailako hiru, baina katalogatu gabeko beste aldapa mordoa daude. Puy Mary Pas de Peyrol gain ezagunean bukatuko da etapa, eta azken bi mendateak benetan gaiztoak dira: Neronne mendateak ia lau kilometro ditu, %9.1eko batez besteko pendizarekin, eta Puy Maryko azken bi kilometro eta erdiak ia %12ko pendiza. Oilarrak kukurruku egiten hasteko moduko parajeak!!!