Bilatzen duenak lortzen du. Edo arriskatzen denak saria bildu. Halaxe dabil BORA Hansgrohe taldea Tourra hasi zenetik. Buchmann-ekin sailkapen nagusian podiumera hurbiltzea eta Peter Saganekin erregulartasunaren maillot berdea lortzea zuten helburu Tour hasieran, baina Buchmann-ek pott egin zuen, eta Sagan ere komeri frankorekin dabil Sam Bennett irlandarrari maillot berdea eranzteko. Etapa garaipenen jokoan murgilduta dabiltza aspaldi, baina aurkari gaiztoetan gaiztoenak topatu dituzte Schachmann eta Kamnak, etapa garaipena eskura izan dutenean. Villard de Lans-en, ordea, Kamna alemaniarra izan da indartsuena, iheskide zaldi azkarrak bazituen ere.
Han sartu dira hiru euskaldun: Mikel Nieve, Romain Sicard eta Imanol Erbiti, baina baita beste 20 lagun ere. Eta ez hankamotzak: Alaphilippe, Carapaz, Reichenbach, Barguil, Pierre Rolland... Helmugatik 20 kilometrora zegoen mendatean Carapaz eta Kamna izan dira indartsuenak, baina alemaniar gazteak ezustean harrapatu du Carapaz ekuatoriarra, mendiko pankartatik 100 metrora oso eraso bortitza jota. Handik helmugara eman beharreko sasi ordeka dago, eta Kamnak Carapaz-en kemena itzali du. Ia minutu eta erdiko errenta lasaiarekin heldu da helmugara. Nabarmentzekoa Daniel Oss Kamnaren taldekideak ihesaldian erritmoa bizi eramateko egin duen morroi lan bikaina.
Tropel nagusian gauza batzuk ikusi dira helmugako bukaera pikoan. Ez da luzeegia, bi kilometro baino ez, baina ikusi da Tadej Pogacar gogotsu dagoela. David De la Cruz taldekideari erritmoa bizitzeko eskatu dio, baina ondoren jo duen erasoa ez da herenegun, Grand Colombiere gainean jo zuena bezain sendoa izan, eta ez du Roglic urrundu ahal izan. Astanako Miguel Angel Lopez izan da indartsuena oilarren artean, baina segundotxo bateko errenta baino ez du lortu.
Bihar Tourra erabaki dezakeen etapa jokatuko da, itzuli osoko gogorrena, eta denen benetako sasoia biluztuko duena: 170 kilometro Grenoble eta Meribel-Col de la Loze mendatearen artean. Bi mendate baino ez ditu, etapak, baina bi mendate puska. La Madeleine ezaguna, lehenengoa, bere alde gogorrenetik. Zenbakiak beldurtzeko modukoak dira: 17 kilometro eta %8.4ko batez besteko pendiza. Lehen lauak dira, gainera, tenteenak, lau kilometro oso %10eko maldarekin. Madeleine gainak, gainera, 2.000 metroko langa jotzen du, oxigenoa urritzen hasten den eremuan. Jaitsiera luzea eta 15 kilometroko sasi ordekaren ostean hasiko da Tourreko mendate gogorrena: Col de la Loze, 2.304 metrora. Honen zenbakiak ere aho zabalik geratzeko modukoak: 21.5 kilometro luze, eta %7.8ko batez besteko desnibela. Azken lauak dira, gainera, gogorrenak, 2.000 metrotik gora eta oilarren indarrak muga-mugan daudela. Tarte horretan %24 eta %22ko maldak daude, eta aldapak, beti, %9tik gorako batez bestekoa du. Ordu eta laurdeneko lana izango dute onenek helmuga harrapatzeko, pentsa zenbat ezin eta komeri ikus ditzakegun.