"Behin eta berriz gauza berberak egiten badituzu, ez geratu emaitza ezberdinen esperoan". Albert Einstein zientifikoak esan zituen esaldi ezagunenetakoa da hori. Bahrein taldeak eta Mikel Landak Einstein-i kaso egin eta euren estrategia aldatzea erabaki dute etapa hasieran, eta nahiko etekin ona lortu dute. Arabarrak bi postu irabazi ditu sailkapen nagusian, Adam Yates eta Rigoberto Uran atzeratu baititu Plateau de Glieres-en jo duen erasoak. Atzo kale egin zuen Murgiakoak, eta kritika dezente entzun. Gaur bere jarrera eta kemena txalotu behar da, mugitu den oilar bakarra izan baita. Bahrein-ek, gaur bai, taktika egokia asmatu du, eta zaldi onak bidali ditu aurretik, ihesaldian bidea egin zezaten, Landak erasoa jo ostean harekin bat egin eta gurditik tiratzeko. Atzoko taktika ez zen ondo atera, aldatu egin dute, eta sari mamitsua lortu dute. Arriskatzen duenak lortzen duena, normalean.
Etapa garaipenaren jokoan Michal Kwiatkowski poloniarra nagusitu da, Richard Carapaz taldekidearekin elkar besarkatuta helmugaratu ondoren. Eguneko ihesaldian sartu dira Ineos taldeko bi ziklistak, eta erakustaldia eman dute biak bakarrik helmugaratuta. Zorte apur bat izan dute, egiari zor, ihesaldian lagun baitzuten Marc Hirschi suitzarra. Sunweb taldekoa, ordea, erori egin da Saisies mendatea jaisten, eta bidea hartzerako galdu duen minutu erdiari ezin izan dio bueltarik eman. Kolpe handi samarra hartu duelako, noski, baina baita Kwiato-k sekulako morroi lana egin duelako, Hirschik harrapatu ez zitzan. Pello Bilbao ere ihesaldi horretan zen. Lan bikaina, berriro, gernikarrak. Glieres mendatean sufritzen hasi da, eta Ineosko bikoteak atzean utzi du bizkaitarra.
Ondoren etorri da Landaren erasoa, Plateau de Glieres betean. Carusok eta Bilbaok ahal izan dutena egin dute, talde burua laguntzeko. Landak 20-25 segundoko tartea izan du, gehienez, beste faboritoekiko, baina Jumbok bere nagusitasuna erakutsi nahi izan du Van Aert-ekin erritmo itogarria jarri, eta Caruso eta Landa harrapatzeko. Mendate pankarta osteko lur bide edo sterratoan Richie Portek gurpila zulatu du, eta 45 segundo galdu ditu onenen multzoarekiko. Landak, Enric Mas-ek eta Miguel Angel Lopezek aukera aparta izan dute australiarra atzeratu eta jokoz kanpo uzteko, baina Lopez-ek, modu ulertezinean, ez du erreleborik eman, eta Portek ere Jumboko Dumoulin eta Van Aerten laguntza izan du, inork gutxik ulertu duen erabakian. Roglicek ez du batere sufritu, Parisko Eliseoko Zelaietan mailot horia janzteko bidean.
Bihar 19. etapa jokatuko da. Itxuraz ihesaldientzat ezin aproposagoa, eta laugarren mailako mendate bakarrarekin bidean. 165 kilometro Bourg-en-Bresse eta Champagnole artean. Etzi, sailkapena zehaztuko duen erlojupekoa.