Hik lan eta nik jan, Peter!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 8a, 17:13

Arnaud Demare-ek hanka batekin irabazi du Materan, itxuraz berarentzat oso aproposa ez zen ailegaeran; BORA barren hustu egin da Saganentzat, baina liderrak, beste behin, ez du erantzun

Gozoak egongo dira BORA-Hansgrohe taldeko ziklistak taldeko autobusa edo hotelera bidean. Egun santu guztia lanean ihesean ibili diren lau gizonek zeramaten ia 10 minutuko errenta jateko, Peter Sagan-ek bere lehorte luzeari bukaera emateko, eta zailena egin dutenean, azken 500 metroetan, Sagan-ek pott egin du. Ez du asmatu gurpil egokia bilatzen, edo espero baino lehenago geratu da indarrik gabe. Eta horrelako batzuk badaramatza denboraldi arraro honetan, dagoeneko... Aurpegiaren bestaldean, Groupama eta Arnaud Demare, frantziarrarentzat oso egokia ez zen ailegaeran emaitza bikaina lortu du Nono-k. Eta ze garaipen puska, hanka batekin nagusitu baita Materan. Hirugarren kilometrotik bigarrenera 700 metroko aldapa piko bat zegoen, eta hor Demare tropel burutik desagertu da. Xomorro-xomorro iraun du, eta taldekide batek lagundu dio, aurrena, burura hurbiltzen, eta azken kilometroan Astana taldeko txirrindulari baten gurpila baliatu du burura iristeko. 300 metrora jo du, eta aurkari guztiak gurpiletik atera ditu, bere bigarren etapa garaipena lortzeko: "Hik lan, eta nik jan, Peter!", mezu argi hori bidali dio Demare-ek Sagan-i, etapa irabazteko faborito argiari.

Eta Sagan zer? Eta Bora zer? Esprint klasikoa dauka bihar, baina Demare-ek gaur nola irabazi duen ikusita, ez dirudi aukera handirik duenik. Ernegatuta dabil eslovakiarra, garaipenik lortu ezinik, baina gaur taldekideak oso toki txarrean utzi ditu, eurak bakarrik izan direlako jazarpen lanean. Groupama begira, Matthews-en Sunweb ere begira... Baina errematea eman behar zenean ttak, Demare tiro bat bezala aurrena. Eta Sagan zortzigarren esprintean...

Bihar 143 kilometroko etapa laburra jokatuko da, Matera eta Brindisi artean, zailtasunik ez bidean. Demare-ren hirugarrena izan liteke, baina bihar, gaurko eta astearteko esprintean ez bezala, Gaviria, Viviani eta Hodeg ere jokoan sartuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!