Volatetako erregea da Arnaud Demare, le Roi Nono. Zazpitik hiru etapa irabazi ditu, eta doan martxan dozena erdi irabaz ditzake. Ez baita Groupamako ilehoria belaunikaraziko duenik ikusten. Kosta zitzaion lehenengoa lortzen, foto finish-aren beharra ere izan zuen, Sizilian, baina atzo eta gaur, hankapean ibili ditu aurkari guztiak. Brindisiko zuzengunean Fernando Gaviriaren taldekideak Demare urduritzen, posizioa galarazten saiatu dira, esprint erreza izan ez zezan, baina hala ere ezin. 250 metrora turboa jarri eta agur. Peter Saganek bakarrik jarraitu ahal izan dio gurpilean, baina Demare aurreratzeko batere aukerarik gabe. Ezin du Saganek, eta bigarren postuen bilduma ikusgarria osatzen ari da, dagoeneko. 125 lortu ditu bere kirol ibilbidean, eta garaipenak, ordea, gutxixeago, 113. Zail izango du eslovakiarrak oso 125 garaipeneko langa horretara iristea.
Adriatiko Itsasora bidean haize-babesak sarraskia sortzeko zorian izan dira. Deceuninq eta Jumbo-Visma tropela zatitzen saiatu dira, eta tropela hautsi bada ere, haize indartsuaren faltak haize-babesetan okerren ibiltzen direnei egin die mesede, Simon Yates edota Domenico Pozzovivo kasu. Erorketak ere ugariak izan dira, baina larririk ez. Bihar zortzigarren etapa korrituko da, Giovinazzo-Visete, 200 kilometro eta itxuraz esprintean bukatzeko etapa, non eta BORA ez den esprinter guztiak atzean uzten tematzen bide erdian dagoen bigarren mailako Monte Santangelo mendatean. Saganek, baina, Demare atzeratzen badu bakarrik du garaipena lortzeko aukera, eta mendate gainetik 94 kilometro daude helmugara.