Eta zazpigarren egunean, atsedena hartu du!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 10a, 16:23

Alex Dowsett britainiarrak irabazi du etapa, tropelak etapa lasai hartzea erabakita

Pozik izanen dira Israel taldekoak, Oscar Guerrero kirol zuzendari altsasuarra, besteak beste. Alex Dowsett britainiarra nagusitu da zortzigarren etapan, sei laguneko ihesaldian bizkorrena izan ostean. Indartsuena ote zen zalantza, Holmes, Roskopff eta Puccio iheskideak oso sendo agertu baitira. Ihesaldietan, baina, azti jokatu behar da, une egokian jo kolpea, eta hala egin du Dowsett-ek.

Britainiarrak tropelaren baimena, edo jazarpen lanerako borondate eskasa baliatu du, garaipena lortzeko. Jainkoak bezala, tropelak ere atseden hartzea erabaki du zazpigarren egunean, eta ihesaldia iritsi egin da. BORAk ez du Saganen bermerik, eta Groupamak ere zakua ondo beteta du dagoeneko. Oilarrek eta euren taldeek ere biharko etapa gogorra izan dute buruan.

Izan ere, bihar bederatzigarren etapa korrituko da, Abruzzo mendigunean. 200 kilometro eta 4.000 metroko desnibela pasa. Bukaera lehen mailako Rocarasso gainean, 1.668 metrora, eta ibilbide erdian Passo Lanciano gogorra, lehen mailako beste mendate bat. Giulio Ciccone eskualde hartan jaiotakoa da, erne berarekin Squallo nagusiak baimena ematen badio.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!