Dolomitek ematen duten epaiaren zain, erlojupekoek agintzen segitzen dute itzuli handietako sailkapen nagusietan. Diziplina horretan ematen den alderik ez da ikusten mendian gora, eta jakina, teoria horren aldeko izanen dira Almeida, McNulty eta Keldermann, esaterako, maldan gora baino erlojupekoetan iaioagoak direlako. Kontra leudeke ia beste oilar guztiak: Majka, Nibali, Pozzovivo edota Fulgsang, erlojupekoan ez, mendian gora ibiltzen baitira ondoen. Bihar da lehen azterketa, Piancavallo tentean bukaera, eta astelehenean bigarren atseden eguna, PCR test masiboen eguna. Arazorik sortzen ez bada, eta ez dirudi hala izan daitekeenik, asteazken eta osteguneko Dolomita eta Alpeetako etapak jokatu, jokatuko dira, eta han zernahi gerta daiteke. Sailkapen nagusia zeharo irauli daiteke maldatzar haietan, tenperatura 0 gradutik hurbil dela.
Diferentzia batzuk aipatze aldera. Almeidak 16 segundo jan dizkio Keldermann-i, 1.16 Majkari, 1.22 Pello Bilbaori, 1.23 Nibaliri, 1.30 Pozzovivori eta 1.42 Fulgsang-i. Ezusteko handiena UAEko Brandon McNulty estatubatuarrak eman du, erlojupekoa hasi aurretik Top 10etik kanpo zegoelako, eta erlojupekoa bukatuta laugarren. 22 urte baino ez ditu Arizonakoak, eta ikuskizun da azken astean aurretik daukan infernua gainditzeko gai izango ote den, baina laugarren da, beste faborito askoren aurretik. Nagusiko diferentziak handitzen doaz, pixkanaka. Almeidak ia minutua kentzen dio Keldermann-i, 56 segundo, eta hortik behera denek dute, gutxienez bi minutuko atzerapena: Pello 2.11ra, McNulty 2.23ra, Nibali 2.30era, Majka eta Pozzovivo 2.33ra eta Fulgsang, dagoeneko, oso urrun, 4.08ra.
Aparteko komentarioa merezi du Filippo Gannaren hirugarren etapa garaipenak. Ikaragarria da Verbaniako kankailuak zenbat watio mugitzeko gaitasuna daukan. XXI. mendeko Indurain dirudi, 194 zentimetroko erraldoia pedalak zanpatzen, bizikleta erdiz erdi hautsiko balu bezala. Rohan Dennis taldekideak bere onena ematera behartu du, baina azkenean minutu erdiko aldearekin nagusitu da. Eta bihar zortzi, Milanen, azken aukera izango du laugarren etapa irabazteko, 15 kilometroko erlojupekoan.
Eta bihar mendia, hurrengo astekoarekin konparatuta pintxo txiki bat baino ez, baino zerbait bai: Rivolto-Piancavallo, 185 kilometro, eta lau mendate menuan. Bigarren mailako hiru, hanka zuztarrak gogortzen joateko, eta Piancavallo azkena, lehen mailako mendate tentea. Mikel Landak irabazi zuen han urte batzuk atzera. Bere zenbakiak serioak dira: 15.5 kilometroko luzera eta %7.3ko batez besteko pendiza. Bi zati ditu mendateak: lehen 9 kilometroak oso gogorrak, %9tik gorako desnibela, eta horietatik bi kilometro oso 10.2 eta 11.5-eko malda. Azken seiak etzanagoak dira. Ordurako, baina, eta gauzak normal, onenak banaka-banaka joango dira, ziurrenik, NTT taldearen erritmoaren dantzan. Eta denetan lehena, ziurrenik, Domenico Pozzovivo. Urgentzia gehien duen igotzailea, eta podiuma oso gertu duena. Almeidak maglia arrosari eusteko aukera izan dezake.