Movistar taldeak halako talde handi baten partetik espero den neurria eman du Lekunberrin, euren jaioterrian, Nafarroan. Etapa hau irabazteko erronka publikoki plazaratu zuten taldeko arduradunek, Vuelta hasi atarian, eta taktika ausarta eta eraginkorra erabiliz, garaipen handia lortu dute Marc Soler kataluniarraren bitartez. Urbasako goi lautadan hasi dira aurkarien hauspoa berotzen, eta Altsasutik Uharte Arakilera bitarteko ordekan lerratuta eraman dute tropela. Aralarko San Migel Santutegira daraman zementozko aldapan Movistar taldeko Verona eta Soler bikoak erritmo itogarria jarri dute, eta dozena eskas lagunek eutsi diote buruan. Jumboko Sepp Kuss izan da saiatu den bakarra, baina konbikzio handirik gabe. Edo Roglic nagusiak lasaitzeko esan diolako, batek daki...
Soler berak 100 bat metro galdu ditu pankartapean, baina azkar iritsi da lasterketa burura, eta geratu gabe, bizi-bizi jarraitzea erabaki du. Jumbo ez da adi egon mugimendu horrekin, denak batera helmugaratuta Roglicekin garaipena eskura izango zuelako, baina zaldiak ihes egin die. Minutu bat beranduago George Bennett Roglic liderraren taldekidea iritsi da onenen multzora, eta lanean hasi, baina berandu zen, dagoeneko. Soler-ek jaitsiera ezagutzen zuen, eta txistu batean iritsi da bakarrik helmugara. Oilarren esprintean Roglic-ek erraztasun ikaragarriarekin menderatu du, ez urrun multzo txikietako esprintetan gaindiezina zirudien Valverde hankapean ibiliz. Esloveniarrak beste sei segundo irabazi ditu gainsarietan, lidergoa sendotzeko.
Bihar hirugarren etapa jokatuko da, Lodosan, Nafarroan hasi eta Vinuesako Laguna Negran bukatu, Sorian. 166 kilometro eta bi mendate. Hirugarren mailako Oncala, erdi bidean, eta bukaerako Laguna Negra, lehen mailakoa: 8.6 kilometro eta %5,8ko batez besteko pendiza.