Bi gurpilak izan ditu gaztetatik pasio. Andoaingo Txirrindulari Eskola ezingo litzateke ulertu bere ekarpenik gabe. 36 urte daramatza dagoeneko saltsan, eta 66 urterekin oraindik gogotsu dagoela dio. Klubean ibili eta profesionaletara heltzen diren kideek ematen diote poza Barbe-ri, baina profesionaletara iritsi ez direnei heziketa egokia eman eta gozatzeko atea ireki badiete ere, konforme da. 1.500 lagun baino gehiago pasa dira klubetik, Andoaingoak gehienak, baina baita Urnieta, Lasarte-Oria, Zizurkil edo Amasako gazteak ere. Erronkarik geratze ote zaio Barberenari? “Bai, nesken taldea sortzea, eta gauzak ondo, hala izango da 2021ean”.
Fleche BrabanÁonne eta Giroko etapak ikusita hurbildu da Jose Luis Barberena Aiurriko egoitzara (Andoain, 66 urte), ordubete luzeko solasaldia emateko.
Nor da Jose Luis Barberena?
Andoaingo Txirrindulari Eskolako sortzaileetako bat naiz, eta era berean, presidentea. 1984ko azaroaren 11n sortu genuen eskola, 36 urte dagoeneko. Epe horretan, pentsa, urtero 50 bat ziklista, 1.500 lagun inguru pasako ziren klubetik. Andoaingoak dira gehienak, baina inguruko herrietako gazteak ere etortzen dira: Urnieta, Amasa… Zizurkilgoak eta Asteasukoak hartzen genituen, Lasartekoak ere bai, orain klubak daude herri horietan.
Mutikoak bakarrik?
Orain arte ia erabat bai, baina badaukat berri on bat, oraindik ofiziala ez dena: neska taldea ateratzeko asmoa daukagu hurrengo denboraldiari begira, lauzpabost emakumerekin. Ale solteak eduki izan ditugu, eta bidea jarraitzeko herriko klubean ezin zuten jarraitu, talderik ezin zelako sortu. 2021ean lauzpabost neskato izango ditugu, eta taldea ateratzeko asmoa dugu, kadete mailan. Taldea sortzeko ekimenak klubera neska gehiago erakartzea espero dut, ikus dezatela urte batzuetako bidea egitea posible dela, urte pare bat gurekin egin eta talderik gabe geratu ordez. Piramide bat ehuntzen joatea da gakoa, behetik gora.
Covid-19ak nola eragin dizue urte honetan?
Urte arraroa eta zaila izan da, zozoa. Uztaila bukaeran hasi ginen lasterketak egiten, 15-20 bat lasterketa orain arte, astebururo, kadete eta jubeniletan, 16-18 urteko gazteekin. Egutegi osoa hiru hilabete eskasetan. Segurtasun protokoloa handia izan da. Irteeran musukoarekin, proba bukatu eta berehala ere bai, irteerak herriguneetatik urrun samar… Gazteak ere arraro ibili dira, etxeratzeak denoi eragin digulako. Gu ahalik eta zuhurtzia handienarekin aritu gara, baina entrenamenduekin-eta ez dugula asmatu uste dut, badut sentsazio hori. Lan gehiegitxo eman ote diegun mutilei, ez baitute lan hori asimilatu.
Profesionalek bezala? Esan nahi dut, onenen artean ere sekulako txakalaldiak ikusi ditugu…
Profesionaletan ikusi ditugun pauta berak ikusi ditugu gurean ere. Fisikoak eta burukoak. Burukoak, asmatzen ez delako, eta entrenamenduek eskola garaiarekin bat egin dutelako azken hilabetean. Etxean geratu behar izan duten kideak izan ditugu, toki askotan bezala, eta iritsi ezinik. Komeriak izan ditugu egutegia osatzeko. Urriaren 25etik aurrera oporrak hartuko ditugu denok.
Itxaropentsu, 2021ari begira?
Espero dezagun 2021a hobea izatea. Esango nuke Gipuzkoan eta Euskadin gauzak ondo egiten ari garela… Tourra eta Giroa ere korritu dira, nork esango zigun halakorik martxoan?
Zer nolako formakuntza lan egiten duzue klubean?
Lan talde bat gaude. Gazte bat etortzen denean zer garen azaltzen diegu, izena eman, asegurua egin… Guzti hori Aitor Amutxastegik egiten du. 8-10 urteko mutikoak. Jolasak egiten ditugu beraiekin, batez ere gynkanak, bizikletarekin ibiltzen ikas dezaten, jolastuz. 18 urtera arte egiten ditugu, teknika handia hartzen delako: hesiak, nola erori behar duzun ikasi… Monitoreak dauzkagu, eta gure eskolan ibili izan direnei, edo beste triatloilari batzuei, mutilen entrenamenduetan laguntzeko eskatzen diegu, Mikel Alonso eta Mikel iturria urnietarrak, besteak beste… autoak, irteerak, entrenamenduak kudeatu behar dira. Lan asko pilatzen da. Kirol mediku bat daukagu, analitikak eta esfortzu probak egiteko. Ez dugu kirol maila jakinik exigitzen, inoiz ez. Ez dakit gurea bezalako eskola asko egongo diren… Ikasi bakarrik, hori eskatzen dugu. Andoain herriaren izena daramagu maillotetan, eta herri baten izena erakutsi, Udalaren diru laguntza jaso. Ez digute kirol emaitzarik eskatzen, eta guk ere ez geure buruari, baina noski, saiatzen gara kirol emaitzak onak izaten. Garaipenak badira, hobe, hori lagungarria delako ikasten ari den pertsonaren bilakaeran. Baina gauza bat, garbi. Laguntza gehiago behar du emaitza ez hain ona lortu duenak, lortu duenak baino. Garaile izan denak ez du animorik, mimorik behar. Irabazi ez duenak bai, eta asko eskertzen du.
36 urte klubean dagoeneko. Asko aldatu al dira gazteak? Belaunaldi asko ezagutu dituzu…
Azken urtetan, eta futbol-eskolak ugaritu zirenetik, mutilak gurasoekin etortzen hasi zaizkigu… “Txirrindularitzan ez duzue ezer eskatzen eta…”, esan izan digute. Zer edo zer eskatzen dugu… Ondo entrenatzea eta irabazten saiatzea, hori eskatzen diegu. Saiatu, azpimarratu nahi nuke. Exigitu inoiz ez. Gure baldintzak betetzen baditu, gure taldeko kide izango da: funtsezkoena, lehentasun osoa ikasketek dutela. Bizikletaren gainetik. Aurrena ikasi, eta gero bizikletan ibiliko zara.
Gurasoekin eta, zer moduz?
Denetarik dago… Gurasoak oso beharrezkoak dira gure egunerokoan… Lasterketetara joateko, edozein laguntza emateko… Lasterketa egunetan, proba atarietan-eta kafe bat hartzera joateko eskaera egiten diegu, zuzendarien jardunean sar ez daitezen, eta mutilak lasai egon daitezen, zeren eta aita belarri ondoan badauka uneoro, asunto txarra. Mutilak lasaiago egoten dira zuzendariekin, gurasoekin baino. Ez dugu arazo handirik eduki, salbuespenak salbuespen.
Pasadizoren bat?
Beno, bere semea kategoriaz aldatzea eskatzen zuen gurasoa izan genuen, zegokion kategoria txiki geratzen zitzaiola uste zuelako. Edo guraso batek bilera eskatu, zuzendari bat bere kargutik kentzea eskatzeko… Titulu nazionala duen zuzendari bat!! Noski, bilerarik ere ez genuen egin, gaia aztertzeko, eta ez genuen zuzendaria kargugabetu. Guraso horren semeari kluba uzteko atea ireki genion. Ez zuen bide luzerik egin, mutilak. Kategoria batean aritu, eta beste kategoria bateko mutilekin entrenatzeko eskatu izan digute, mutilaren lagun taldea beste kategoria horretan duelako… Ezetz esan genion, noski. Noizean behin, agian, aldatuko genuela kategoriaz, baina egunerokoan ez. Badira gurasoekin entrenatzen duten semeak, edota motorraren atzetik trebatzen direnak aitarekin…
Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 569. zenbakian
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.