166 kilometroko etapa zozoa, eta interesa azken sei kilometrotan, Laguna Negrako igoera zozoenean. Aurrez, helmugara iristeko batere aukerarik ez zeukan ihesaldia, eta Aritz Bagues, Caja Rural-eko errenteriarra tartean. Etapako azken kilometroa, %10eko pendiza, bukaerari emozio apur bat emateko. Han, INEOS agintari, Chris Froome lanean, Carapazen mesedean. Amador ondoren, eta Ivan Ramiro Sosa gero. Azken kilometroa, baina, deskontrolatu samarra izan da, eta Carapazek ezin izan du taldekideen lan ona errematatu. Israel taldeko Dan Martinek aurrea hartu eta ezin izan dio gurpila sartu. Gainsariei esker, bigarren postura egin du jauzi irlandarrak, Roglic liderrarengandik bost segundora, eta festak, mugimendua gustuko dituela erakutsi. Segundo apur batzuetako tartea egin da helmugan, eta Movistar izan da kaltetuena, Enric Mas liderrak 12 segundo galdu dituelako. Soler eta Valverde ere atzean geratu dira, Chaves bezala.
Bihar laugarren etapa jokatuko da, Soriako Garray herrian hasi eta Zaragozako Ejea de los Caballeros herrien artean. 190 kilometroko saioa, eta aurkaria errepidetik urrun: haizea. Haize-babes arrisku handia du etapak, Ebro ibaiko ibarrean barrena, eta horiek, sarri, mendate gaiztoena baino min gehiago egiten dute.