[Italiako Giroa 2020]

Tao Geogeghan Hart-ek irabazi du Giroa, aise; azken etapa Gannarentzat, bere laugarrena

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 25a, 17:19

Ingelesak aurreikuspenak bete ditu eta 38 segundo kendu dizkio Jai Hindley australiarrari; Keldermann izan dute lagun podiumean, eta Almeidak laugarren postua lapurtu dio Pello Bilbaori

Tao Geogeghan Hart jotzen zuten faborito nagusi, eta hala izan da. INEOSko ingelesak aise menderatu du Jai Hindley australiarra, eta 38 segundo atera dizkio, atzo, Sestrieres-en gorriak ikusarazi zizkion gazteari. 2.5 segundo dira kilometroko, askok espero zutena baino diferentzi handiagoa, baina Teok erlojupekoan neurria emateko gai den txirrindularia dela erakutsi du. 25 urterekin bere kirol ibilbideko lorpen garrantzitsuena da, eta askogatik, orain arte 20. postua baitzen bere posturik onena itzuli handi batean, iaz Espainiako Vueltan. Unea, momentua baliatu du ilehoriak. Bere taldeko nagusia, Geraint Thomas etxera joan zen hasi eta gutxira, eta INEOS umezurtz geratu zen Giroan, Tourrean Bernalek kale egin zuenean bezala. Taok atzetik aurrerako bidea egin du, hainbestean Etnan, ondo Rocarasson, eta onenetakoa Dolomita eta Alpeetan. Ikuskizun aurrerantzean itzuli handietako karrerista izango den edo ez, baina bere bilobei behinola Giro bat irabazi zuela kontatu ahal izango die. Giroan maglia arrosa egun bakar batean jantzi gabe Giroa irabazten duen historiako hirugarren ziklista da Tao.

Txaloak, era berean Jai Hindley gaztearentzat, Keldermann nagusiari errepidean nagusi izanda aurrea hartu diona. Terreno pixka bat falta izan zaio, eta batek daki zer gertatuko zen Agnello eta Izoard igo izan balira. Baina baintz, banu eta balego, menudo jaleo beste hark esan zuen bezala, eta kito, ez dago eztabaidarik. Keldermann-ek ere nahikoa egin du, baina litekeena da bere kirol bizitzako aukera onena galdu izana, itzuli handi bat irabazteko. Neurri berean, dena den, agerian geratu da zerbait baduela beti Keldermannek itzuli handietan. Joao Almeidak ere modu ikusgarrian bukatu du Giroa, eta sailkapen nagusiko laugarren postua lapurtu Pello Bilbaori. Gernikarrak saio baikaina egin du: bosgarren, Tourra osatu ondoren. Fondista latza, bizkaitarra.

Etapa garaipena, nola ez, Filippo Gannarentzat izan da. Lau etapa irabazi ditu Verbaniako kankailuak, eta INEOS-en Giro aparta biribildu. Bihar... Bihar ez dago etaparik. Bihar Giroko notak, 0tik 10era, aiurriko atari honetan!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!