Zakurrak baditu hainbat esanahi euskaraz; horietako batek eguraldiari egiten dio erreferentzia, eguraldi gaiztoari. Beste batek pertsonen izaerari. Norbaiti zakur samarra dela esaten zaionean gaizto samarra, bihurria dela esaten zaio, baina bere zentzu ona ere badu. Alegia, zakurra izan liteke eskenatoki zailean bere helburuak lortzeko gaitasuna duena. Espainiako Vueltan etapa bat irabaztea oso zaila da, eta Formigalera bidean eguraldi zakurra, eta Ormaiztego zakurrak kide ziren ihesaldia elkartu dira buruan. Denek zekiten ihesaldia arrakastatsua izan bide zela, eta oso garesti egon da ihesaldi ona hartzea. Baina han sartu dira Ion eta Gorka, Gorka eta Ion. Lau minutuko zuloa ireki dute, tirriki-tarraka, eta Cotefablo mendatearen jaitsieran jarri dute euren plana martxan Izagirretarrek. Euripean ezin hobe moldatzen dira biak, eta zoru labainkorretan jaisten iltzedun gurpilak daramatzatela dirudi. Gorkak martxa egin du, minutu erdia irabazi, eta atzekoak urduritu.
Eta Ion anaia, bitartean, indarrak gordetzen. Ihesaldian zihoazen beste kideek egin behar izan dute jazarpen lana, baina Gorkak maisuki jokatu du bere erasoa ahalik eta tarte gehienean luzatuz. Helmugarako 6 kilometro baino gutxiago geratzen ziren arte iraun du, eta orduan hasi da buruz buruko estrategia ihesaldian. Zakur zaharrak asko, eta arriskutsuak: Rui Costa, Rusty Woods, Sergio Luis Henao, Guillaume Martin... Denetan bizkorrena, eta indartsuena, ordea, Ion Izagirre izan da. Hiru kilometrora jo du erasoa, 15 segundoko zuloa ireki, eta agur. Zuk tira nik tira, egon hadi lo eta jango duk mehe. Ion izagirre nagusi Formigalen. Hiru itzuli handietan etapa irabazi duen klub esklusiboko kide bilakatu da Ion Izagirre, txirrindulari aparta.
Eta tropelean ere festak, Roglicek Cotefablo jaisten arazoak izan baititu. Atzean geratu da INEOSeko Amador eta Carapazek jarritako erritmoa jarraitu ezinik, eta Biescas eta Escarrilla arteko tartean gorriak ikusi ditu oilarren tropelarekin bat egiteko. Eskerrak George Bennett alboan izan duen, laguntzeko. Formigaleko azken lau kilometroetan gertatuko zenaren lehn abisua izan da, han bidoiak ematen dituzten laguntzaileek ere erasoa jo baitute. Alegia, mundu guztiak: Soler, Valverde, Carapaz, MCCarthy... eta Roglic eta Enric Mas justu. Carapazek ihesaldian zihoan Van Baarle taldekidearen laguntza jaso du, eta uzta polita lortu du helmugan: 28 segundo Dan Martini, eta 43 Primoz Roglic-i. Ondorioz, Carapaz ekuadortarrak jantzi du liderraren maillot gorria.
Bihar lehen atseden eguna egingo du Vueltak, Gasteizen, astearteko etapa hasiko den hirian. Eskertuko dute ziklistek, babesean geratu eta arropa eta azkazalak lehortzeko bada ere...