10: INEOS taldea: Tao Geogeghan Hart-ek irabazi du Giroa, eta bi etapa, eta taldeak beste bost. Lau Filippo Ganna Verbaniako kankailuarekin, eta beste bat Narvaez ekuadortarrarekin. Tourrean hartu zuten kolpea eta gero bueltan dira The Empire goitizenarekin ezagutzen den Ingalaterrako taldea.
9: Jai Hindley: Tropelean aurten gertatu den baby boom-aren beste adibide bat. Zalegoaren begietara erabat ezezaguna, Taoren kasuan bezala denborak esango du bere podiuma urte bateko kasu puntuala izan den, edo gehiagorako lehengaia badaukan.
8: Arnaud Demare: Nagusitasun handia erakutsi du Nono-k Giroko esprintetan. Lau etapa irabazi ditu, eta maglia ciclamino-a ere soineratu zuen Milanen atzo, erregulartasunaren saria. Esprint batean izan ezik, besteetan hanka batekin irabazi du, eta Tourraren kaltean Giroa aukeratu izanari balioa eman.
7: Joao Almeida: Giroko animatzailea. Mendi handietan gora zer hobetua dauka, baina ez du inoiz etsi, eta Deceuninq-eko wolfpack-ak, otso taldeak, lan bikaina egin du portugaldarrarentzat. Laugarren, azkenean, sailkapen nagusian.
6: Pello Bilbao: Bikaina bere bosgarren postua. Podiuma lortzeko aukera azken egunera arte. Inork ez zuen txakur txikirik ematen gernikarraren alde, Tourra hain maila onean korritu ostean. Merezitako atsedena hartuko du orain.
5: Giroko antolakuntza: Hiru itzuli handietako ibilbide erakargarriena dauka, askogatik, eta Taoren garaipenak eta Hindleyren podiumak erakusten dute irekiena dela. Hater-ak beti hater. Ez Tourrak, ezta Vueltak ere, ez daukate Stelvio pasa zen eguneko etapa ikusgarri bat bermatzeko modurik, izan kontrolagatik, izan ibilbideek ez dutelako ematen, eta hori zaleak ez du inoiz ahazten.
4: Wilco Keldermann: Bai eta ez. Podiuma, itzuli handi batean, baina ziur aski bere azken trena itzuli handi bat irabazten saiatzeko.
3: Vincenzo Nibali: Maldan behera. Onenengandik urrun, eta zeresanik eman gabe. Bere Giro tristeena, ziur aski.
2: Jakob Fulgsang: Kea. Taldekideak larrutu sare sozialetan, haiek lan egitera behartu sarri, eta gero zer eta etapa garaipenen eta podiuma lortzeko lehiatik erabat jokoz kanpo. Itzuli handiak ahaztu eta itzuli txikietan saiatu beharko luke.
1: Elia Viviani eta Gaviria: Oso oso justu. Gaviriak positibo eman eta erretiratu egin behar izan zuen, baina lehen bi astetan garaipenetik oso urrun.
0: Giroa kakazten saiatu direnak, bigarren astean proba bertan behera geratu behar zela eskatuz publikoki, Covid-arekin kutsatzeko ustezko arriskuagatik . Thomas de Gendt bera, Education First taldea... Proba Milanera iritsi da, eta arazorik gabe. Jumbo-Visma ere erretiratu egin zen probatik... Steven Kruswijk proba irabazteko lehiatik kanpo zegoelako izan ote zen edo ez, irakurlearen baitan...