[Espainiako Vuelta | Atseden eguna]

Esloveniar hotza izoztu ote du Ekuadortar beroak...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 26a, 12:19

Formigal-en bukatutako etapak Roglic-en krisialditxoa utzi du agerian; behin-behinekoa izango den edo ez ikusiko da aste honetan, Moncalvillo eta Asturiasko mendietan

Formigalen beti pasatzen da zerbait. 2016an pasa zen, Contador-ek Froome kiskali zuenean. Atzo ez zen hainbesterako izan, baina Roglicek arrakalak dituela, edo izan ditzakeela ikusi zen. Bada zerbait, Vueltak esloveniarraren monologo zozoa izateko itxura zeukalako. Izan daiteke, oraindik, inork ez baitaki atzo Roglicek Cotefablon behera izan zuen ezina kontu puntuala den, edo serioagoa den. Azkar jakingo da. Itxuraz, bihar, Urduña mendate pikoan gora ez luke oilarren arteko diferentziarik egon behar, baina Carapaz lider berriaren INEOS-ek inork ez dauzkan begiak ditu aurkarien mugak usaintzeko, eta akaso saiatuko dira lasterketa hausten. Errazagoa izango dute, itxuraz, etzi, Moncalvillo mendatean, Errioxan: 9 kilometro, eta %9ko batez besteko malda. Mendate bakarreko etapetan, ordea, ondo moldatu izan da Roglic, baina zalantzaren atea ireki zuen atzo, eta kontuz.

Ostegun eta ostiralean etapa lasaiagoak korrituko dira. Gaztelako lautada zabalean haizea izan liteke aurkari gaizto, Aguilar de Campoora bidean, ea ostegunean Suances-en bukatuko da etapa, Kantabrian, ailegaera bihurriarekin. Asteburuan korrituko dira Asturiasko bi etapak, eta horietan zirt edo zart egin beharko dute INEOS, Israel eta Movistar taldeek, Roglic zigortu nahi badute. Azken asteko lehen egunean 33.7 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Ezaro behatoki ezagunean, eta egun horretan esloveniar hegalariak bi minutuko aldea ken diezaieke aurkari zuzenei, gutxienez. Asturiasko bi etapak gogorrak dira, Vueltako gogorrenak. Larunbatean La Farrapona gainean bukatuko da etapa, lehen mallako mendarea, eta aurrez kategoria bereko beste hiru gain igo beharko ditu tropelak: Colladona, Cobertoria eta San Lorenzo. Igandean Angliru entzutetsua igoko da, maila berezikoa. Aurrez lehen mailako beste bi mendate: La Mozqueta eta Cordal. Gaurko eguraldi prebisioak dioenez, etzitik aurrera ez da euririk espero igandera bitarte. Roglicen onerako ote?

Sailkapen nagusia:

 

 

1 RICHARD CARAPAZ   INEOS GRENADIERS 24h 34' 39      
2 HUGH JOHN CARTHY   EF PRO CYCLING 18ra      
3 DANIEL MARTIN   ISRAEL START-UP NATION 18ra      
4 PRIMOĊ½ ROGLIC   TEAM JUMBO - VISMA 22ra      
5 ENRIC MAS   MOVISTAR TEAM 1.07ra      
6 FELIX GROSSSCHARTNER   BORA - HANSGROHE 1.30era      
7 MARC SOLER   MOVISTAR TEAM 1.42ra      
8 JHOAN ESTEBAN CHAVES   MITCHELTON - SCOTT 2.02ra      
9 DAVID DE LA CRUZ   UAE TEAM EMIRATES 2.46ra      
10 ALEJANDRO VALVERDE   MOVISTAR TEAM 3.00ra      

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!